Bariantza-analisi

Bariantza-analisia, labur eta nazioartean ANOVA (ingelesez, ANalysis Of VAriance) izenez ere ezaguna, fenomeno edo saiakuntza bateko aldakortasuna, bariantzaren bitartez zenbait zatitan bereizteko prozedura bat da, aldakortasuna kausa edo faktore jakinei egoztearren. Bariantza analisiak faktore eragileek dakarten gehikuntza (positiboa edo negatiboa) ere ematen du. Adibidez, zenbait makinak ekoiztutako elementuen iraupenari buruzko datuak erabiliz, bariantza analisiaren bitartez makina ezberdinek batez besteko iraupen ezberdina duten erabakitzen da, batez besteko hauen neurriarekin batera. Horretarako, makinek dakarten aldakortasunari dagokion bariantza, makinen arteko bariantza izenekoa, eta makinei ez dagokien aldakortasunari dagokion bariantza, errore esperimentala adierazten duen makinen barneko bariantza edo hondar bariantza izenekoa alderatzen dira. Makinen arteko bariantza makinen barneko bariantza baino nabarmen handiagoa bada, makina faktoreak ekoiztutako unitateen iraupenaren gainean eragina duela erabakitzen da. Bariantzak F hipotesi kontraste baten bitartez alderatzen dira.

Bariantza analisia Ronald Fisher estatistikariak garatu zuen 1920 eta 1930 hamarkadetan, nekazaritza ikerketetan murgildurik zebilela.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne