1978ko Sanferminak

1978ko Sanferminetan Euskal Herriko gatazkarekin loturiko istilu larriak gertatu ziren Iruñean eta Hego Euskal Herriko beste hainbat tokitan, zeinetan espainiar poliziak neurrigabe eta bortizkeriaz jokatu zuen. Istilu horien ondorioz, Iruñean German Rodriguez eta Donostian Joseba Barandiaran gazteak hil zituen poliziak tiroz eta hamarka zauritu izan ziren, horietako asko balaz.

Istiluen abiapuntua 1978ko uztailaren 8an, Sanferminetako zezenketa baten ondoren, Espainiako Polizia Armatua Iruñeko zezen plazara bortizkeriaz sartzea izan zen, han burutzen ari zen amnistiaren aldeko pankarta baten inguruko gorabehera bat aitzakia. Poliziaren esku-hartzea tentsio politiko handiko giro batean gertatu zen, aurreko hilabeteetan ugari izan baitziren talde parapolizialen erasoak Iruñean. Zezen plazatik istiluak Iruñea osora zabaldu ziren eta horietan hil zen German Rodriguez. Istiluak Hego Euskal Herriko hainbat tokitara hedatu ziren hurrengo egunetan. Donostiako istiluetan, Joseba Barandiaran hil zuen poliziak tiroz uztailaren 11n.

Uztailaren 12an greba orokorrerako deia egin zen Hego Euskal Herrian gertakari horiengatik protesta egiteko. Zigor operazio moduan, uztailaren 13an, poliziak Errenterian neurrigabeko indarrez hartu eta hainbat txikizio eta lapurreta egin zituen herriko kaleetan. Gertakarien garaian, Rodolfo Martín Villa gobernazio ministroa zen polizien arduradun nagusia; horrela, Nafarroako gobernadore zibila bere kargutik kendu eta Iruñeko istiluetako polizia buruak lekuz aldatu zituen; haren hitzetan, istiluetan poliziaren jokabideak "erroreak" izan ziren, baina "bestea krimenak" ziren.[1] 2018ko maiatzean, Espainiako Parlamentuak uko egin zion gaiari buruzko Barne Ministerioaren agiri sekretuak desklasifikatzeari, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien bozen babesaz.[2]

  1. (Gaztelaniaz) Sanfermines 78. Rodolfo Martin Villa. (Noiz kontsultatua: 2014-10-05).
  2. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-05-08). «El Congreso español rechaza desclasificar la documentación sobre los sanfermines del 78» naiz: (Noiz kontsultatua: 2018-05-08).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne