Antzinako Greziako arkitektura

Partenoia, Antzinako Greziako arkitekturaren lan nagusia, V. mendearen erdialdera eraikia, Atenaseko Akropolisean.

Antzinako Greziako arkitektura greziera hitz egiten zuten herriek (herri helenikoek) eraikitako arkitektura da. Herrialde horien kultura greziar penintsulan, Peloponeson, Egeoko uharteetan, eta Asia Txikiko eta Italiako kolonietan zabaldu zen K.a. 900. urtetik K.o 100. urtera bitarte eta K.a. 600. urteko obra arkitektoniko batzuk barne hartzen ditu.

Antzinako Greziar arkitektura jainkotegiengatik da ezaguna batez ere. Jainkotegi horietako asko hondatuta daude gaur egun; beste batzuek, ordea, oinarriak ukitu gabe dituzte oraindik, eta eskualde osoan zehar daude. Mundu helenikoan bigarren postuan dagoen eraikuntza mota, antzokiek osatzen dute. K.a. 350. urtean eraiki zen lehena. Horiez gain, garai hartako beste eraikin mota batzuk ere ikusgai daude gaur egun; besteak beste, prozesio-sarrerako atea (propileo)a, herriko plaza (agora), kolomadiz (estoa) inguraturiko ibilaldia, udal-eraikuntza (bouleuterion), monumentu publikoa, hilobi monumentala (mausoleum) eta stadium-a.

Antzinako Greziako arkitekturak ezaugarri normalizatu anitz ditu bereizgarritzat, bai egituran eta baita dekorazioan ere. Ezaugarri horiek bereziki tenpluetan nabaritzen dira. Badirudi tenplu bakoitza paisai bateko entitate eskultoriko bat dela, eta askotan lurzoru altu batean kokatuta egoten da, angelu guztietatik ikus ahal izan dadin zein dotorea den eta argiak zein efektu sortzen duen eraikinaren gainazalean.

Antzinako Greziako arkitekturaren hiztegi formala, bereziki estilo arkitektonikoaren zatiketa, ongi zehaztutako hiru ordenatan definitzen da: ordena dorikoa, ordena jonikoa eta ordena korintoarra. Hiru ordena horiek eragin sakona izan dute ondorengo garaietako mendebaldeko arkitekturan.

Erromako antzinako arkitektura Greziakoan oinarrituta sortu zen, eta etengabeko eragina izan du Italian gaur egun arte.

Errenazimendu garaitik aurrera, Klasizismoaren pizkundeek biziarazi dituzte Greziako arkitekturaren xehetasunak, forman bakarrik ez ezik, baizik eta orduko edertasun arkitektonikoaren kontzeptuan, orekan eta proportzioan oinarritua.

Geroagoko estiloek, errenazimenduko arkitekturan eta arkitektura neoklasikoan, nahiko fidel eutsi zieten Antzinako Greziako estiloei.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne