Antzinaroko Olinpiar Jokoak

Palaestra, Olinpian: borrokalariak eta joko olinpiarretako beste partaide batzuk entrenatzeko lekua.

Antzinaroko Olinpiar Jokoak antzinako Grezian garrantzi handia zuen jaialdia ziren. Panheleniar jokoen parte ziren eta Olinpian ospatzen ziren lau urtez behin. K.a. VIII. mendearen inguruan sortu ziren eta Teodosio I.a enperadore erromatarrak K.o. 393 urtean debekatu zituen arte iraun zuten[1].

Hasiera batean froga bat besterik ez zen (dromos estadio barruko lasterketa), baina denborarekin programa osatuz joan zen eta jokoek arrakasta handia lortu zuten. Hiritar greko libreek soilik har zezaketen parte; garailea bere jaioterriko heroi bilakatzen zen eta haren omenez odak eta estatuak egiten ziren. Jokoan ziren bitartean, gerrak albo batera uzten ziren. Greziako Estatu-Hiri guztietako (Atenas, Rodas, Sirakusa, Korinto, Tebas...) atletek hartzen zuten parte, eta irabazleak heroi bilakatzen ziren[2].

Olinpia Kronion mendiaren ondoan dago, eta huraxe zen Peloponesoko gune erlijiosoa. Han zegoen Zeusen tenplua, eta bertan, Zeusen estatua, antzinateko zazpi mirarietako bat.

Olimpiako stadium-era sartzeko tuneleko arkua
  1. «olinpiko - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2018-06-05).
  2. «Antzinako Greziaren handitasuna» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-05).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne