Armarri

Irungo armarria: Kantoi bakarreko armarria, eremu gorriaren gainean zilar koloreko gaztelu bat, hormaren harriak ondo bereizirik, eta leiho eta ate urdinak. Alboetako dorreen gainean bi kurrilo zilar. Goiko aldean, kasketa bat eta buru-babesean bost barra, eta zinta beltz bat,"Vigilantiae Custos" latinezko inskripzioarekin[1].

Armarria leinu, hiri eta kidekoen ezaugarri den ezkutu-moduko irudia da, bereziki harrizkoa eta etxearen ate nagusiaren gainean agertzen dena[2][3]. Zenbait testuingurutan, blasoi ere erabiltzen da[4]. Armarriak deskribatu, grabatu, erakutsi eta diseinatzeko artea heraldika da.

Ohi denez, armarriaren oinarria ezkutua da. Horrela, armarria ezkutu soil batek osa lezake, edo bestela inguruko apaindura heraldikoek ere bai (adibidez goiburuak, kasketak eta euskarriak). Armak, oro har, ezkutu baten gainean aurkezten dira, baina beste euskarri batzuetan irudika daitezke: heraldoaren tabardoa (janzki bat), arkitektura elementu bat, etxeko objektu bat edo bandera edo zutoihal bat (kasu honetan, zeinu hauek aztertzen dituen zientzia bexilologia deitzen da). Kasu honetan, armarriaren forma euskarriaren bera da. Ezkutuak forma geometrikoa du eta zatitua egon daiteke, non armak irudikatuta dauden. Ezkutuak forma desberdinak har ditzake, garaiaren, eskualdearen edo irudikapenaren arabera.

Europako eta honen tradizioari jarraitzen dioten herrialdeetako armarriak heraldikaren arauei jarraituz diseinatuta daude. Munduko beste toki batzuetako armarri tradizionalek, arau ezberdinak jarraitzen dituzte, adibidez, armarri japoniarrak, kamon delakoak, jatorria VII. mende inguruan duten leinu-armarriak dira eta, gaur egun, oraindik Japonian erabiltzen dira.

  1. Irungo armarria udalaren webgunean (noiz kontsultatua: 2021-4-9)
  2. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
  3. «Armarri». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-4-5.)
  4. «Blasoi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-4-7.)

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne