Arroila

Antelope arroila, Arizonan.
Rawanduzeko arroila, Irak estatuaren iparraldean, Kurdistan.

Arroila[1] haran edo pasagune sakon eta estua da, bereziki haitz artekoa eta ibai baten jarduerak sortua[2]. Ibaiek husten duten lekuaren altuera izateko joera dute.[3] Beraz arroila gehienak ordokiaren mailatik higaduraren bitartez sortuak dira.

Arroila, malkar edo itsaslabarren arteko zirrikitu sakona da, meteorizazioaren eta ibai baten higadura-jardueraren ondorioz, denbora-eskala geologikoetan zehar gertatutakoa[4]. Ibaiek azpiko gainazalak mozteko joera naturala dute, eta, azkenean, arroka geruzak higatzen dituzte sedimentuak ibai beheran kentzen diren heinean. Ibai-ibilgu bat pixkanaka-pixkanaka oinarrizko kota batera iritsiko da, hau da, ibaia isurtzen den ur-masaren kota berera. Meteorizazio- eta higadura-prozesuek arroilak sortuko dituzte ibaiaren iturburuak eta estuarioak altuera nabarmen desberdinetan daudenean[5], bereziki arroka-geruza leunagoak meteorizazioarekiko erresistenteagoak diren geruza gogorragoekin nahasten direnean.

Arroila ere bi mendi gailurren arteko haustura bati ere dei dakioke, hala nola Mendi Harritsuak, Alpeak, Himalaya edo Andeak barne dauden mendilerroak. Normalean, ibai edo erreka batek mendien artean halako zatiketak egiten ditu. Mendi motako arroilen adibideak dira: Utahko Provo Canyon edo Kaliforniako Sierra Nevadako Yosemite Valley. Mendi barruko arroilak edo irekidura alde bakarrean duten arroilak, kutxako arroilak deitzen zaie. Arteka arroilak oso arroila estuak dira, askotan horma leunak dituztenak.

Isurialde kontinentalaren hondoko haran malkartsuei itsaspeko arroilak deitzen zaie. Lehorreko arroilak ez bezala, itsaspeko arroilak uhertasun-korronteek eta luiziek sortuta daudela uste da.

Ospetsuena eta, Groenlandiako Arroila Handia topatu arte[6], batzuen ustez, luzeena Arizonako Coloradoren Arroila Handia da eta bigarrena Namibiako Visrivier ibaiaren arroila.[7]. Sakonena, berriz, Tibeteko Yarlung Tsangpoko Arroila Handia da, 5.500 metroko sakonera duena.

Arroila-jaitsiera abenturazko kirol bilakatu da, XX. mendeko amaieratik aurrera.

  1. Arroila hitzak -a itsatsia du (Hiztegi Batua)
  2. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Arroila. .
  3. www.mountainnature.com
  4. (Ingelesez) «Canyon» education.nationalgeographic.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  5. Ward Cameron (2005). "Understanding Canyon Formation".
  6. Jonathan L. Bamber, Martin J. Siegert, Jennifer A. Griggs, Shawn J. Marshall eta Giorgio Spada. (2013-8-30). «Paleofluvial Mega-Canyon Beneath the Central Greenland Ice Sheet» Science 341 (6149): 997-999.  doi:10.1126/science.1239794..
  7. Cohen, Callan, Claire Spottiswoode & Jonathan Rossouw. (2006). Southern African Birdfinder. , 210 or. ISBN 1-86872-725-4..

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne