Artropodo

Artropodo
Sailkapen zientifikoa
GoierreinuaHolozoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
Filuma Arthropoda
Latreille, 1829

Artropodoak (antzinako grezieraz: ἄρθρονarthron, "giltzadura" eta πούς, podos, "hanka") exoeskeleto bat, gorputz segmentatua eta apendize bikoitiak dituzten animalia ornogabeak dira. Artropodoek Euarthropoda filuma osatzen dute[1][2], eta euren barruan intsektuak, araknidoak, miriapodoak eta krustazeoak daude, besteak beste. Hasiera batean Arthropoda terminoa Euartropodoak eta onikoforoak izendatzeko erabili zen. Artropodoen ezaugarririk nabarmenena artikulatutako adarrak eta kitinaz osatutako kutikulak dira, batzuetan kaltzio karbonatoan mineralizatzen direnak. Artropodoen gorputz-planak segmentuak ditu, horietako bakoitza apendize pare batekin. Kutikula zurrunak hazkuntza gelditzen du, beraz artropodoek mudak egiten dituzte erregularki. Simetria bilaterala dute, eta gorputzak kanpo eskeletoa du. Espezie batzuek hegalak dituzte.

Bere aldakortasunari esker, elkarketa-ekologiko guztietako espezierik ohikoenak bihurtu dira ingurune gehienetan. Gutxi gorabehera milioi bat espezie deskribatu dira, eta animalia espezie guztien %80 baino gehiago dira. Horietako batzuk, beste animalia gehienek ez bezala, giro lehorrean arrakasta handia dute. Artropodoak neurriz aldatzen dira Stygotantulus krustazeo mikroskopikotik Japoniako Macrocheira kaempferi karramarro erraldoiraino.

Artropodoen barne barrunbe nagusia hemozeloa da, bere barne-organoak biltzen dituena; bertatik, odolaren analogoa den hemolinfak zirkulatzen du. Euren zirkulazio-sistema irekia da. Kanpoko egituran gertatzen den bezala, artropodoen barne organoak ere errepikapen bidez eratu ohi dira. Euren nerbio-sistema eskailera baten antzekoa da, nerbio-korda bentralen bikoteekin segmentu guztietan, ganglio parea sortuz segmentu bakoitzean. Burua segmentu kopuru ezberdinen fusio bidez osatzen dira, eta euren burmuina ganglio horietako batzuen batuketatik osatzen da, esofagoaren inguruan. Arnasketa-sistema eta iraizketa-sistemak aldakorrak dira artropodo ezberdinetan, batez ere euren ingurunearen eta osatzen dute subfilumaren araberakoa. Ikusmena begi-konposatu eta begi-sinpleen konbinazio batekin eman ohi da: espezie gehienetan ocelliek argia nondik datorren zehaztu dezakete, eta begi-konposatuak dira informazio iturririk nagusiena, baina armiarmen begi nagusiak ocelli sinpleak dira. Artropodoek sentsore kimiko eta mekaniko kopuru handia dute, gehienak euren septuen modifikazio bidez lortuak. Artropodoen ugalketa askotarikoa da; espezie lurtar guztiek barne ernalketa dute, baina gehienetan lurrera botatzen diren espermatozoideak apendize batekin hartuz lortzen da, sarketa bidez izan beharrean.

Artropodoen arbaso ebolutiboa Kanbriar garaikoa da. Taldea monofiletikoa dela uste da, eta ikerketa askok proposatzen dute artropodoak eta Cycloneuralia (edo bere barneko kladoak) Ecdysozoa superfilumean sailkatu beharko liratekeela. Orokorrean, hala ere, Metazoaren oinarrizko harremanak zeintzuk diren ez da ondo ebatzi, momentuz. Artropodoen barne taldeen arteko harremanak ere eztabaidagarriak dira oraindik ere. Espezie urtarrek barne zein kanpo ernalketa erabiltzen dute. Artropodo gehienek arrautzak uzten dituzte, baina eskorpioiek amaren barruan hazi diren kumeak erditzen dituzte. Artropodo kumeen egitura oso ezberdina izan daiteke, batzuk helduen bertsio txikiak dira, baina beste batzuek metamorfosi osoa izaten dute kume itxuratik heldu itxurara. Eskorpioiak kumeengatik kezkatzen diren bitartean, beste espezie askotan ez dago inongo ardurarik hurrengo belaunaldiarekiko.

Artropodoak oso garrantzitsuak dira gizakien elikadurarako, zuzenean elikagai gisa edo jaten diren fruituen polinizazioa eginez. Espezie batzuek gaixotasunak hedatzen dituzte, gizaki, etxe-abere edo nekazaritza-produktuetan.

  1. (Ingelesez) Ortega‐Hernández, Javier. (2016). «Making sense of ‘lower’ and ‘upper’ stem-group Euarthropoda, with comments on the strict use of the name Arthropoda von Siebold, 1848» Biological Reviews 91 (1): 255–273.  doi:10.1111/brv.12168. ISSN 1469-185X. (Noiz kontsultatua: 2019-04-13).
  2. (Ingelesez) Javier Ortega-Hernández; Smith, Martin R.. (2014-10). «Hallucigenia’s onychophoran-like claws and the case for Tactopoda» Nature 514 (7522): 363–366.  doi:10.1038/nature13576. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-04-13).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne