Atomo

Helio-4 atomo baten irudia. Erdian nukleoa dago (arroxa), bi protoi eta bi neutroi dituelarik, nahiz eta errealitatean nolabaiteko hodei esferiko bat izan. Inguruneko hodei elektronikoak (beltzez), bi elektroi ditu.

Atomoa (grezieratik: ἄτομος, atomos, «zatiezina») protoi eta neutroi nukleo batez osatutako partikula bat da, elektroi hodei batez inguratua.[1] Atomoa elementu kimikoen oinarrizko partikula da, eta elementu kimikoak euren atomoetan dagoen protoi kopuruaren arabera bereizten dira. Adibidez, 11 protoi dituen edozein atomo sodioa da, eta 29 protoi dituen edozein atomo kobrea da. Neutroi kopuruak elementuaren isotopoa definitzen du.

Atomoak oso txikiak dira, 100 bat pikometroko diametrokoak normalean. Giza ile batek milioi bat karbono atomo inguru neurtzen ditu. Hau txikiagoa da ikusten den argiaren uhin luzerarik laburrena baino, eta horrek esan nahi du gizakiek ezin dituztela atomoak mikroskopio konbentzionalekin ikusi. Atomoak hain dira txikiak, ezen ezin baita zehatz aurreikusi haien portaera fisika klasikoa erabiliz, efektu kuantikoak direla eta.

Atomo baten masaren % 99,94 baino gehiago nukleoan dago. Protoiek karga elektriko positiboa dute, elektroiek karga elektriko negatiboa eta neutroiek ez dute karga elektrikorik. Protoi eta elektroi kopurua berdina bada, atomoa elektrikoki neutroa da. Atomo batek protoiak baino elektroi gehiago edo gutxiago baditu, orduan karga negatiboa edo positiboa du, hurrenez hurren, atomo horiei ioi deitzen zaie.

Atomo baten elektroiek eta nukleo atomikoaren protoiek indar elektromagnetikoaren bidez elkar erakartzen dute. Nukleoaren protoiek eta neutroiek ere elkar erakartzen dute indar nuklearrak direla eta. Indar hau indar elektromagnetikoa baino indartsuagoa izaten da, elkarren artean positiboki kargatutako protoiak uxatzen dituena. Egoera jakin batzuetan, aldaratzeko indar elektromagnetikoa indar nuklearra baino handiagoa da. Kasu honetan, nukleoa zatitu egiten da eta atzean hainbat elementu uzten ditu. Desintegrazio nuklearreko modu bat da.

Atomoak beste atomo batekin edo batzuekin lot daitezke lotura kimikoen bidez, molekulak edo kristalak bezalako konposatu kimikoak sortzeko. Atomoek elkartzeko eta bereizteko duten gaitasuna da naturan ikusitako aldaketa fisiko gehienen erantzulea. Kimika da aldaketa horiek aztertzen dituen diziplina.

  1. Gurrutxaga, Antton. «atomo» Zientzia eta Teknologien Hiztegi Entziklopedikoa (Elhuyar Fundazioa) (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne