Automobilismo

Automobilismoa autoen kirol-erabilpena da. Lasterketetan autoek bira kopuru zehatz bat ematen dute zirkuitu iraunkor batean edo hirian zein beste edozein errepidetan behin-behinean prestatutako zirkuitu batean. Badira beste diziplina batzuk helburu desberdinak dituztenak, adibidez drifting-a, non pilotuek derrape ikusgarriak egin behar dituzten.

Automobilismoa munduko ikuskizunik ezagunenetako bat da, eta lehiaketa batzuek, adibidez 1 Formulak, beste kirol askok baino jarraitzaile gehiago dituzte. Era berean, diru gehien mugitzen duena da, enpresa, fabrikatzaile, kirolari, ingeniari eta babesle ugari tartean sartuz. Ingeniariek azken teknologiak garatzen dituzte motorretan, aerodinamikan, esekiduran eta pneumatikoetan, ahalik eta etekinik handiena lortzeko; aurrerapen horiek onuragarriak izan dira autopropultsioaren industriarentzat, pneumatiko erradialekin eta turbokonpresorearekin, bai eta beste aurrerapen batzuekin ere.

Kategoria bakoitzak bere araudia du, motorretarako, txasiserako, esekidurarako, pneumatikoetarako, erregaietarako eta telemetriarako baimendutako aldaketak mugatzen dituena.

Automobilek abiadura handia dutenez eta erregaiak erabiltzen dituztenez, automobilismoa oso kirol arriskutsua da. Nahiz eta segurtasun-neurriek aurrera egin duten hamarkadetan zehar, sarritan gertatzen dira talkak, suteak eta beste istripu batzuk, eta horrek lesioak eragiten dizkie lehiakideei eta ikusleei, baita heriotzak ere.

Automobilaren Nazioarteko Federazioa mundu mailan automobilismoa antolatzen duen erakundea da. Bertako kideak herrialde bakoitzeko elkarte nazionalak dira, beren lurraldean lehiaketak arautzen dituztenak.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne