Azido desoxirribonukleiko

DNAren helize bikoitz itxurako egitura.

Azido desoxirribonukleikoa (oro har DNA siglarekin laburtua; edota, batzuetan, ADN siglarekin)[oh 1] azido nukleiko mota bat da, organismo bizi[1] guztien funtzionamendu eta garapenaren informazio genetikoa duena eta bere transmisioaren erantzulea dena.

Ikuspuntu kimikotik, DNA nukleotidoen polimero bat da; hau da, polinukleotido bat.[2] Elkarrekin lotutako unitate sinple askoz osatutako polimero konposatua da, bagoi askoz osatutako tren baten antzekoa. DNAn bagoi bakoitza nukleotido bat da, eta, aldi berean, nukleotido bakoitza azukre (desoxirribosa), base nitrogenatu (adenina (A), timina (T), zitosina (C) alaguanina (G)) eta fosfato talde batez osatuta dago; azken horrek bagoiak elkarren artean lotzen ditu. Bagoi edo nukleotido bat bestetik bereizten duena base nitrogenatua da; horregatik, DNA sekuentzia base nitrogenatuak aipatuz bakarrik izendatzen da. Lau base horiek sekuentzian duten ordena informazio genetikoa kodifikatzen duena da, esaterako, ATCGATCG... Organismo bizietan, DNA nukleotido kate bikoitz moduan agertzen da, non bi kateak hidrogeno zubien bidez lotuta agertzen diren.[3]

Zelulak, DNAk duen informazioa erabili ahal izateko, nukleotidoak RNA (azido erribonukleikoa) molekulak emanez kopiatzen dira. RNA molekulak DNAtik kopiatzen dira transkripzio izeneko prozesu baten bidez. RNA molekula hauek, nukleoan prozesatu ondoren, zitoplasmara irteten dira erabiliak izateko. RNAk duen informazioa kode genetikoa erabiliz itzultzen da proteinen aminoazido sekuentziak osatuz. Nukleotido hirukote (kodon) bakoitzak aminoazido bat emango du, eta, ondoren, aminoazido hauek elkartuko egingo dira lotura peptidikoen bidez proteinak osatuz. RNA erabiliz proteinak sintetizatzeko prozesu honi, itzulpena esaten zaio.

Herentziaz arduratzen diren eta DNAren sekuentzian ezinbestekoak diren unitateak geneak dira. Gene bakoitzak RNAra transkribatuko den zati bat eta noiz eta non espresatuko den definitzeaz arduratuko den beste zati bat ditu. Geneetan dagoen informazioa zelularentzat ezinbestekoak diren RNA eta proteinak sintetizatzeko erabiltzen da.

Zelularen barnean, DNA kromosoma izeneko egitura batzuetan antolatuta dago. Hauek, ziklo zelularrean zelula banandu aurretik, bikoiztu egiten dira. Organismo eukariotoek (animalia, landare eta onddoek) bere DNAren gehiengoa zelularen nukleoan gordetzen dute, eta, gainerakoa, mitokondria eta kloroplastoetan. Prokariotoek (bakterioak eta arkeoak), zelularen zitoplasman gordetzen dute, eta birusek, aldiz, proteinazko kapsidaren barnean. Kromosoma hornidura guztiaren materia genetikoa, genoma izenez ezagutzen da, eta espezie bakoitzaren ezaugarria da.


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/> tag was found

  1. (Gaztelaniaz) Malavé, Dr Antonio Alcalá. (2015-11-04). Genética de la emoción: El origen de la enfermedad. Penguin Random House Grupo Editorial España ISBN 978-84-9069-206-6. (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  2. (Gaztelaniaz) Mazzotta, Guillermo Cejas. (2000). Identificación por ADN. Ediciones Jurídicas Cuyo ISBN 978-987-527-014-5. (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  3. «Publication Name:» web.archive.org 2013-05-18 (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne