Determinismo

Determinismoa gertaera guztiak aldez aurretik existitzen diren kausengatik erabat determinatuta daudela defendatzen duen teoria filosofikoa da. Horrela, dena kausa-efektu kate batez gertatzen da, erabakimen askea eta zoria ukatuz. Horren haritik, hainbat pentsalari deterministak (Spinoza, Hume, Locke…) defendatu izan dute gizakiok huts egiten dugula askeak garela uste dugunean, askatasun edo ausazkotasun hori gertaera eragiten duten kausa eta faktoreak ez ezagutzeagatik sortzen den irudipena baino ez baita. Horren adibide gisa, John Locke filosofoak analogia bat erabili zuen, non, lo dagoen gizon bat gela ilun batean giltzapetuta dagoen. Esnatzean, gelan egongo dela erabakitzen du, gela itxita dagoela jakin gabe. Gizon horrek ez du aukeratzeko askatasunik, ezin baitu gelatik atera. Hala ere, bere benetako egoerari buruzko ezjakintasunak gelan geratzea aukeratzeko askatasuna duela sinestera eraman du.

Determinismoak ukatzen du, horrenbestez, kausa eraginkorren bidez azaldu ezin daitekeen ekintza bat existitu daitekeenik eta bere aurkakoa indeterminismo edo ausazkotasun mota bat da. Horregatik, sarritan, hautamen askearen auziarekin kontrastatzen da. Determinismo-forma desberdinak bereizteko, horiek postulatzen duten determinismo-mailaren arabera sailkatzea komeni da:

Determinismoaren[Betiko hautsitako esteka] hainbat teoria filosofikok baieztatzen dute errealitateak aurrez zehaztutako bide moduko bat jarraitzen duela.

Determinismo indartsuaren arabera, ez dago benetako gertaera ausazkorik edo zorizkorik, eta, oro har, etorkizuna aurresan daiteke orainalditik. Iragana ere "aurreikusteko” modukoa izan liteke, kausalitate katearen egoera puntual bat primeran ezagutzen badugu. Pierre-Simon Laplacek horrelako determinismoa defendatzen zuen.

Determinismo ahulak, berriz, baieztatzen du orainaldiko egitateek probabilitatea determinatzen dutela. Beraz, nahiz eta korrelazio handia egon orainaldiko egoeren eta geroko egoeren artean, funtsean ausazkoak eta aurresanezinak diren gertakariak ere badaudela onartu egiten du.

Bestalde, determinismoa erabat lotuta dago zientzia fisikoen ulermenarekin eta horiek duten azaltzeko asmoekin, bai eta giza ekintza askeari buruz ditugun ikuspuntuekin ere. Bi arlo horietan ez dago adostasunik determinismoaren egiazkotasunaren inguruan, eta determinismoa frogatzerik ez dagoenez, ezta kontrako teoria ere, hipotesi bat besterik ez da. Determinismoa predestinazio eta patuaren noziorekin nahasteko joera ere nabarmena da.

Fatalismoa, normalean, "determinismotik" bereizten da, determinismo teleologiko forma bat bezala[1]. Fatalismoa dena gertatzera bideratuta dagoela dioen tesia da, eta, horregatik, gizakiek beren etorkizunaren gaineko kontrolik ez dutela aldarrikatzen du. Patuak botere arbitrarioa du, eta ez du lege kausal edo deterministarik jarraitu beharrik. Gizakiek erabakitzeko ahalmena dute, baina haien ekintzak naturaz gaindiko eragile horiek indargabetzen dituzte, patua gizakiek hartzen duten erabakia edozein dela ere bete dadin. Beraz, fatalismoa determinismotik bereiz daiteke, gauza jakin batzuk gertatzera bideratuta daudela imajina dezakegulako, lege natural deterministen emaitza soila izan gabe; eta, era berean, mundua lege deterministek gobernatzen dutela imajina dezakegulako, ezer gertatzera bideratua egon gabe. Dena den, zentzu zabalago batean, determinismoarekin bat eginez, esan liteke, iraganeko gauzak gertatu diren bezala, etorkizunean gertatuko diren gertaera guztiak gertatzera bideratuta edo zuzenduta daudela.

  1. Hoefer, Carl. (2016). Zalta, Edward N. ed. «Causal Determinism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne