Dimentsio

Laukiak bi dimentsio ditu. Beste dimentsio bat emanez kuboa sortzen da, hiru dimentsiotakoa. Kuboari dimentsio berria gehituz (ikusten ez dena) hiperkuboa sortzen da, lau dimentsiotakoa. Hiperkuboa proiekzioan irudikatuta dago, irudia gure espazioan ez baita existitzen.

Dimentsioa (latineko dimetiri 'neurtu' eta honen abstrakzio den dimensiō hitzetik dator) objektu matematiko baten ezaugarri metriko edo topologikoei lotutako “zenbakia” da. Dimentsioaren kontzeptu abstraktuenak espazioan mugimendu bat egiteko zenbat askatasun-gradu dauden islatu nahi du.  Askatasun-gradu horien kopurua litzateke, hain zuzen, dimentsioa.

"Dimentsio" terminoa; irudi geometriko edo objektu fisiko baten neurri linealaren balioa adierazteko ere erabiltzen da, nahiz eta zentzu horrek ez duen erlaziorik dimentsioaren kontzeptu abstraktuenarekin. Izan ere, dimentsio terminoak definizio desberdinak izan ditzake arloaren arabera, aurrerago jorratuko direnak.  

Fisikan eta matematikan, espazio matematiko (edo objektu) baten dimentsioa haren barruan edozein puntu zehazteko behar den gutxieneko koordenatu-kopurua da[1][2]. Hortaz,

  • Zuzen batek bateko dimentsioa du (1D), koordenatu bakarra behar baita puntu bat zehazteko.
  • Kubo, zilindro edo esfera baten barrualdea hiru dimentsiokoa da (3D), hiru koordenatu behar baitira espazio horien barruan puntu bat kokatzeko.
  • Kasu konplexuagoetan, hala nola dimentsio fraktalean edo multzo abstraktuen dimentsio topologikoan, koordinatuen kopuruaren nozioa ez da aplikagarria, eta kasu horietan dimentsio kontzeptuaren definizio formalak erabili behar dira.

Dimentsio kontzeptua ez da objektu fisikoetara mugatzen. "Dimentsio handiko espazioak" ohikoak dira matematikan eta zientzietan. Hauek espazio euklidearrak edo espazio parametriko orokorragoak izan daitezke, edota Lagrangeren mekanika edo mekanika hamiltondarra bezalako konfigurazio-espazioak; hauek guztiak espazio abstraktuak dira, bizi garen espazio fisikoarekin zerikusirik ez dutenak.

  1. «Curious About Astronomy: What is a dimension?» web.archive.org 2014-01-11 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  2. (Ingelesez) Weisstein, Eric W.. «Dimension» mathworld.wolfram.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne