ETB 1

ETB 1
ETB 1
JabeaEITB
Emisio eremua Euskal Herria
Hasiera data1982ko abenduaren 31 (41 urte)
EgoitzaBilbo (Bizkaia)
BaliagarritasunaLTD, Satelitea, Kablea, ADSL
Kate senidea(k)ETB 2
ETB 3
ETB 4
ETB Basque
www.eitb.eus/telebista/etb1

ETB 1 Euskal Telebistaren lehen katea da. Euskal Herri osoan ikus daiteke, eta osorik euskaraz emititzen du. 1982ko abenduaren 31n emititu zuen lehenengoz, euskararen normalizazioa helburu nagusi zuela. 1982tik, hainbat saio, telesaio, albistegi, eta lehiaketa eman dira ETB1en.

Euskal Telebistak Lurreko Telebista Digitalean (LTD) ETB 1 HD eta ETB 2 HD kanalak eskaintzeari ekin zion 2016ko abenduaren 21ean.

1982tik gaur egun arte euskarazko telebista-kate garrantzitsuenetakoa da, Hamaika Telebistarekin batera, biek ere eskualde maila gainditu eta Euskal Herri osora hedatzen baitira. Esan beharra dago, gainerako euskal telebistak eskualde jakin bat dutela ardatz, hala nola, Erlok (Urola Kosta) Goienak (Debagoiena), dotb-k (Durangaldea), etab. Lur eta kable bidezko estaldurari dagokionean, ETB 1ek Euskal Autonomia Erkidegoko probintzia oro eta Nafarroa hartzen ditu, baina Euskal Herriarekin mugan dauden beste zenbait lurraldeetara ere iristen da (Aragoi, Burgos, Kantabria eta Errioxa). Ipar Euskal Herriko biztanleek ere ETB 1 (ETB 3-rekin batera) sintonizatu dezakete, satelite bidez, Fransat doako paketeari esker. Aipatutako paketeak Europako gainerako lurraldeetan ere euskal telebista sintonizatzeko aukera ematen du, hartarako, Eutelsat 5 West A satelitea baliatuz. Horrez gain, lasai asko esan dezakegu mundu osoak ikusi dezakeela telebista hau, 2018tik bere webgune ofizialean zuzeneko igorpenak ikusteko aukera baitago, uneoro, Nahieran sistemari esker.

ETB 1en sustraiak E.T.B.-n aurki ditzakegu, EITB etxearen telebista zerbitzu bakarra zenean. 90ko hamarkadaren hasieratik aurrera, telebista kate honetan soilik euskal hizkuntza erabiltzen hasi zen. 1986an ordea, bigarren kate bat sortu zen EITB etxearen barnean, ETB 2, edukiak gaztelaniaz baino ez zituena ematen. Hala, garai hartan irratiekin gertatzen zen moduan (Euskadi Irratia eta Radio Euskadi) bi hizkuntzentzako eremua sortu zen telebista kateetan ere. ETB 1 eta ETB 2-k hasieran bi hizkuntzetan igortzen zuten haien programazioa, azkenik, bakoitzean hizkuntza bat gailendu eta bi kateak hizkuntzaren arabera erabat zatitu ziren arte. Egungo ereduaren arabera, ETB 1-k soilik euskaraz igortzen du eta ETB-2k gaztelania hutsean.

ETB 1ek euskara ikustarazteko eta sustatzeko saiakera ugari egin ditu eta egiten ari da, eskaintzen dituen eduki motetan ikus daitekeen bezala. Haren kate senideak ordea, ETB 2k, ez du euskararen aldeko jarrera hain nabarmena, izan ere, eskaintzen duen programazioa Espainiako beste telebista kateenaren antzekoa da, horregatik, bertako telebistekin lehian dabil. ETB 1ek eskaintzen digun eduki bereziak euskal kulturari lekua egiten dio, adibidez, bertsolaritza (Hitzetik Hortzera programaren bidez, adibidez), euskal pilota (ETB Kantxa) edo herri kirolak gaitzat dituzten programak igorriz. Euskal kulturgintzari, euskal idazle eta kantariei eta gure herriko zientzialariei ere lekua egiten die. Ildo beretik, ETB 3-ren sorkuntzaren aurretik, haurrentzako programazio zabala eduki zuen, Betizu bezalako programekin. Aipatzekoa da, kirol munduan egin diren lehiaketa handi eta garrantzitsuenak (ACB Liga edo Txapeldunen Liga) beti euskaraz igorri direla telebista honetan.

2016ko abenduaren 21etik ETB 1-ek bereizmen altuko bertsio bat du erabilgarri EAEn, ETB 1 HD izenekoa. Horrek, aurretik martxan zegoen ETB HD telebista-katea ordezkatu zuen, zeinetan ETB 1 eta ETB 2-ren arteko nahasketa bat igortzen zen.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne