Egile-eskubideak

copyright "©" ikurra lan bat egile eskubideetara atxikitzen dela adierazteko erabiltzen da.

Egile-eskubideak edo copyright (euskaraz: «kopiatzeko eskubidea») egileei lan bat egiteagatik, izan literarioa, artistikoa, edo zientifikoa, argitaraturik egon edo ez, legediak eskaintzen dien arau eta baldintza multzo bat da. Lan hau publikaturik egon edo lan berria bada eskubide berberetara atxikitzen dela ziurtatzen dio legeak egileari.[1]

Lan bat jabari publikora, jabetza publikora, atxikitzen da berekiko dauden ondare eskubideak desagertzen direnean. Egilearen heriotza gertatzen denetik aurrera suertatzen da hau orokorrean. Hala nola, europar zuzenbidean, egilearen heriotza gertatu eta 70 urteetara. Hau gertatu eta gero, eskubide moralak errespetatuaz lan hau modu aske batean erabili daiteke.

Copyrightak kopiak egiteko eskubidea eta kopien gaineko kontrolaren eskubidea ematen dio horren jabe denari. Egileari edo obraren jabegoa erosi duenari. Horrela, sorkuntzako lanak egiten dituztenek beren obrak babesteko eta haien jabegoa dutela adierazteko sorturiko legezko formula da. Hasieran liburuen gaineko eskubideak hartzen zituen bere baitan soilik, baina gaur egun aldizkari, egunkari, mapa, antzerki, film, telebistako saio, ordenagailuetarako programa, fitxategi informatiko, argazki, irudi, bideo, audio, koadro eta abarren kasuan ere erabiltzen da, hau da, jabego intelektual edo artistiko oro babesten ditu.

Jabego honen arabera, inork egile-eskubideez babesturiko zerbait (gauzaki bat) erosten badu, gauzakia izango da eroslearena, baina ezingo du haren kopiarik egin ez saldu, legez kanpokoa baita, eta eskubide hori editorearen, idazlearen, egilearen edo copyrighta duenaren eskubidea baita. Copyrightez babesturiko kopiarik egin nahi izanez gero, baimena eskatu behar zaio eskubidearen jabeari, eta normalean kuota bat ordaindu behar izaten da.

Dena dela, eta sistema hori nahiko garbia den arren, sorkuntzaren zenbait alorretarako oso zaila da jabego eskubidea babestea, adibidez, musikaren kasuan; behin musika bat argitaratuta askotan gertatu ohi da ezer ordaindu gabe, baimenik eskatu gabe, berriro jotzea musika hori, nahiz eta legez royalty izeneko eskubidea ordaindu behar zaion jabeari, eta antzera gertatzen da, besteak beste, antzerkian ere. Bestalde, eta egile-eskubideek sorkuntzazko lan gehienak babesten dituzten arren, ezin babestu dira lan artistiko eta intelektual guzti-guztiak ere; horrelako kasu bereziak dira, esaterako, ideiak, izenak eta izenburuak.

Ideien kasuan, ezin da haien gaineko jabego eskubiderik ezarri, baldin eta ez badira liburu, marrazki edo musika lan ukigarri bihurtzen; izenak ere ezin dira babestu baldin eta ez badira leku jakin batzuk adierazteko, eta izenburuak, azkenik, behin eta berriro errepika daitezke, nahiz eta izenburu horrek adierazten dituen gertaerak, musika eta abar desberdinak izan.

Copyright eskubidea XX. mendeaz gero hasi zen erabiltzen batez ere. Aurretik sorturiko oso lan gutxi daude babestuak eta horrela ondare publikoa osatzen dute antzinako liburu, musika eta abarrek.

  1. «Egile-eskubideak: Copyright, Copyleft eta Creative Commons - HABE» www.habe.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne