Elikagai

Elikagaiak.

Elikagaia elikatzen duen gaia da, adiera zabalean; bizidunok elikagarri duguna, hazteko, bizirik eta osasuntsu segitzeko eta ugaltzeko. Modu askotan adierazten dugu kontzeptu hori: jan[1], janari[2], jateko[3], jaki[4], bizigai[5], bizigarri[6], bizigailu[7], hazkurri[8], etab.: izen asko ditu, euskalki denetakoak, herritar guztiek egunero erabili duten hitza delako.[9][10][11]

Gizakiak irensten duen animali zein landare jatorriko substantzia soil nahiz konposatu solido eta likido oro da elikagai, bai sentsazio atseginez gozatzekoa, bai, gerora, organismoa bizirik mantenduko duen hazkurri bihurtzekoa. Elikadura eta nutrizioa bereiztea interesatzen zaigunez, esan genezake jan-edan bat ahoraino dela elikagai eta, hortik aurrera, mantenugai. Elikagai solidoei janari eta jaki ere deitzen zaie eta likidoei, berriz, edari.

Elikadura aldetik, janariaren zeregina ongizate gastronomikoa den bitartean, nutrizioaren ikuspegitik, hiru funtzio nagusi bete behar ditu elikagaiak:

  1. funtzio plastikoa: proteinek materia osatu eta hazkunde estrukturala bideratzen dute;
  2. errekuntza-funtzioa: karbohidratoek eta, batzuetan, gantzek betetzen dutena;
  3. funtzio erregulatzailea: bitamina eta mineralek prozesu entzimatikoak aktibatu eta katalizatzen dituzte.

Ez dira elikagaitzat jotzen, baina, irensten ez diren substantziak edota, irentsitakoan, organismoaren funtzio metabolikoak aldarazten dituztenak: arraina eta marmitakoa elikagai dira, bai, baina txiklea edo E-141 gehigarria, ez, herri hizkeran. Herri hizkeraz aparte badira elikagai kontzeptuaren definizio formalak: Europar Batasunak, esaterako, berea aldarrikatu zuen, legez elikagai zer den definitzeko.

Eskura ditugun elikagai horiek guztiak sailkatzeko orduan hamaika heldulekuri heltzen zaie, hala nola iturburuari (landarea, animalia, minerala...), nutrizioari (proteina, bitamina, gantza...), solido edo likido izateari, erlijioak hobetsi eta gaitzetsitako jakiei... Elikagai azido eta azidotzaileak bereizten jakitea ere lagungarria izango du gure osasunak. Gutiziak, kultura batetik bestera aldatzen badira ere, bertako herritarrak gehien estimatzen dituen elikagaiak dira; horiek zeintzuk diren jakitea ere lagungarri izaten da, batez ere gastronomian.

Elikagai batzuk (frutak, oro har) naturan dauden bezala kontsumi daitezke baina gehientsuenak prozesatu behar izaten ditugu, gordinik edo "bere egoera naturalean" pozoitsu, ezatsegin, gogor, likatsu, itsusi, lakar, mikatzegi… izateagatik; batzuetan aski izaten da alea zuritzea, azala kentzea; bestetan, beroa aplikatzea komeni da; gehienetan, garbitu, ebaki eta kozinatu behar dira: aldakuntza fisiko-kimiko horiei esker elikagaiak jangarri bihurtzen dira. Nozitzen duten prozesaketa mailaren arabera, hurrengoak bereizi ohi ditugu: prozesatu gabeak, elikagai transformatuak, prozesatuak eta ultraprozesatuak.

Elikagaiez eta hauen gorabeherez (freskotasunaz, itxuraz, egonkortasun eta iraunkortasunaz, kutsadurari iskin egin eta aurre hartzeaz, hondatzeaz, janarien kalte-mesedeez, egungo elikagaiak ugaldu eta berriak sortzeaz, etab.) arduratzen dira biologia, gastronomia, bromatologia, sukaldaritza, ekologia, nutrizioa, dietetika, higienea, antropologia eta beste hainbat zientzia eta teknika.

Elikaduraren ikuspegitik ere gizarteak hamaikatxo kezka ditu: zelakoa izan liteke elikadura osasuntsua? Hau da, zein da "ona" eta zein "txarra"? Zer da zabor janaria? Lur planetan biztanle guztiak asetzeko bezainbeste elikagai egin liteke? Ekoizpen-prozesuan eta garraioan elikagai asko galtzen da alferrik? Janari gehiegi hondatzen ote da, erositakoan, usteltzen delako? Zein da elikagaien inpaktua, tokiko eta planetako ingurumenean?

  1. «jan». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  2. «janari». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  3. «jateko». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  4. «jaki». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  5. «bizigai». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  6. «bizigarri». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  7. «bizigailu». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  8. «hazkurri». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-05-27.)
  9. Agirre, Edorta. «Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa 141003» calameo.com: 264-275. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  10. Esnaola, Imanol. (2022). «Sukaldaritza liburua/Osagaiak/Espeziak — Wikibooks» eu.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  11. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 136-147 or. ISBN 978 84 9172 259 5..

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne