Enpirismo

John Locke, filosofo enpirista nagusietako bat.

Enpirismoa ezagutzaren iturri bakar edo nagusitzat zentzumenei lotutako esperientzia hartzen duen teoria filosofikoa da. Ezagutzari buruzko teoria nagusietako bat da, arrazionalismoarekin eta eszeptizismoarekin batera. Enpirismoaren muturreko ikuspegiaren arabera esperientzia da ezagutza ororen oinarria, ez bere iturriari dagokionez bakarrik, baizik eta baita bere edukiari dagokionez ere. Ezagutza mundu sentigarritik abiatzen da kontzeptuak osatzeko eta hauek sentigarria denean dute justifikazioa eta muga, hau da, zentzumenen bidezko esperientziak sortzen du ezagutza.

Enpirismoaren arabera, a prioriko arrazoiketan oinarritutako ezagutza, edota ez da, izan, edota egia analitikoetara mugatzen da; egia horiek ez dute edukirik, eta adierazteko erabiltzen diren hitzen esanahiak ematen die balioa. Hortaz, logikaren a prioriko balioa eta zientziazko edukia elkartu nahi dituen metafisika ezinezkoa da. Orobat, ezinezkoa da metodo arrazionala, arrazoibidez lortua; munduaren nolakotasuna ezin da arrazoi edo hausnarketa hutsaren bitartez aurkitu.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne