Erlatibitatearen teoria

Espazio-denboran gertatzen den distortsioa, erlatibitate orokorrak aurresaten duen bezala

Erlatibitatearen teoriak Albert Einsteinek XX. mendearen hasieran plazaratutako bi teoria hartzen ditu bere baitan, erlatibitate berezia eta erlatibitate orokorra, zeinak une hartan mekanika newtondarrak eta elektromagnetismoak zuten bateraezintasunari irtenbidea aurkitzeko asmoz garatu baitzituen.

Erlatibitate berezia 1905ean argitaratu zuen, eta mende batzuk lehenago Galileok eta Newtonek garatutako mugimenduaren legeak berdefinitu zituen Maxwellen elektromagnetismoarekin bateragarri bihurtuz; horretarako bi postulatutan oinarritu zen: erreferentzia sistema inertzial guztientzat lege fisikoak berdinak direla eta argiaren abiadura, hutsean, balio konstantea dela argiaren iturriaren mugimendua edozein izanik ere. Teoria honek grabitate indarrik gabeko kasua aztertzen du.

Erlatibitateari buruz euskaraz argitaratutako lehenengo testua 1971n.[1][2][3]

Erlatibitate orokorra 1915ean argitaratu zuen. Erlatibitate bereziaren orokortze bat da, bere baitan grabitate-indarraren eragina kontuan hartzen duena. Teoria honek Newtonen grabitazioaren teoria ordezkatu zuen, nahiz eta grabitate eremu ahulen pean eta abiadura txikietan Newtonen teoriak baliozkoa izaten jarraitzen duen. Erlatibitate berezia teoria honen kasu bat baino ez da.

Teoria hau izendatzeko, erlatibitate terminoa Max Planck fisikariak 1906an erabili zuen lehenbizikoz, erlatibitate bereziak (eta denborarekin, erlatibitate orokorrak) zeukan erlatibitate printzipioaren erabilera nabarmentzeko.

  1. Etxebarria, Jose Ramon. (1971-10-15). «Errelatibitatearen teoria» Anaitasuna 220 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  2. Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2018-06-21). [https://www.flickr.com/photos/38892589@N02/48098802458/ Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Gardenkiak). ] UEU (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  3. «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne