Frantziako Lehen Inperioa

Frantziako Lehen Inperioa
Empire Français
1804 – 1814
Monarkia
Frantziako bandera

Frantziako armarria

(1804-1815)
Geografia
HiriburuaParis
Kultura
Hizkuntza(k)frantsesa
Historia
Sorrera1804
Desagerpena1814
Aurrekoak
Frantziako Lehen Errepublika
Germaniako Erromatar Inperio Santua
Holandako erresuma
Liguriar Errepublika
Ondorengoak
Borboien berrezarpena
Herbehereetako Erresuma Batua
Moresnet
Sardiniako erresuma
Austriar Inperioa
Luxenburgoko Dukerri Handia
Toskanako Dukerri Handia

Frantziako Lehen Inperioa[1], Napoleonen inperioa eta Inperio Napoleonikoa ere deitua, Frantzian Napoleon Bonaparteren agintaldi inperialari deritzon izena da, zeinetan Europako zati handia menperatu zuen. Inperioak 1804tik 1814ra iraun zuen, eta 1815ean ere Ehun Egunetan laburki berrezarri zuten.

Inperioaren hasiera 1804ko maiatzaren 18an kokatzen da, Napoleonek -orduko Lehen Kontsulak- Frantziarren Enperadorearen titulua hartu zuenean. Abenduaren 2an bere buruari eman zion koroa Parisko Notre Dame katedralean. Hirugarren Koalizioak berehala egin zion aurre eratu berriko inperioari. Austerlitzeko guduan garaipen erabakigarria lortzean, Inperioak aurrera egin ahal izan zuen. Napoleonen armadak (La Grande Armée) Prusia 1806an eta Errusia Polonian 1807an (Friedlandeko bataila) garaitu zituen. Ondoren, Tilsiteko hitzarmenarekin (1807ko ekainean), bakea itzuli zen Europara.

Iberiar Penintsulan eskua sartzean gerra piztu zen 1808an. Sei urteko gerra horretan larri ahuldu zen Inperioa. 1809an, Bosgarren Koalizioko Austriaren aurka borrokatu zen Frantzia. Garaile berriro aterata, Schönbrunneko Ituna ezarri zuen Napoleonek Habsburgo leinuaren gainean. Errusiarekiko tirabira diplomatikoek Errusiaren inbasio zorigaiztokoa (1812) ekarri zuten. Seigarren Koalizioarekin, Frantziako indarrak Alemaniatik atera ziren 1813an. Napoleonek 1814ko apirilaren 6an abdikatu zuen, Elba uharte txikira erbesteratuta. Hortik 1815ean itzuli zen, baina Waterlooko guduan porrot egitean, Lehenengo Inperioa erori zen atzera bueltarik gabe.

Erpinean, 1812an, Frantziako Inperioak 130 departamentu zituela (44 milioi biztanlerekin), 600.000 soldadu zelairatu ahal izan zituen Errusia konkistatzeko. Alemanian, Italian, Espainian eta Varsoviako dukerrian tropa ugari zeukan sakabanatuta, eta Prusia nahiz Austria izeneko aliatutzat ere izan zituen. Inperioaren patua armadari atxikita zegoen. Haren aurreko garaipenek Frantziako Iraultzako hainbat printzipio Europan zehar barreiatu zituen. Jaunarekiko zergak eta beharrak bertan behera utzi ziren Frantziako armadaren aurrera egitean. Polonian izan ezik, aristokraziaren pribilegio oro deuseztatu ziren, eta kode Napoleonikoa sartuta, legearen azpian gizaki guztiak berdin ziren.

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne