Gizarte-talde

Soziologian, gizarte-taldea edo, besterik gabe, taldea asmo edo interes berdinak partekatu edo helburu jakin baterako elkartu den pertsona-multzo bat da. Talde bat osatzeko arrazoiak anitz izan daitezke: aisia eta lana, baina helburu afektibo, ekonomiko, politiko edo erlijiosoetarako ere sor daitezke. Taldeak berez sortu edota nahita osa daitezke, helburu edo asmo jakin batreako. Edonola ere, taldeak gizarte-harremanetarako oinarrizko unitate bat dira, gizarte osoaren balore eta egiturak islatzen dituzte (adibidez, taldeetan klase sozial bereko pertsonak biltzen direnean).

Multzo hori erraz identifikatu daiteke honek daukan forma eta egitura iraunkorrarengatik. Taldearen barruan dauden pertsonek, taldearen onerako eta helburuak lortzeko beharrezkoak diren arau, balio eta helburu berberak dituzte. Ekonomia, lan edo hezkuntza-mailan neurtu daitezkeen aldagai batzuetatik abiatuta definitu daiteke.

Gizarte-talde bat identifikatzeko, nortasun komun edo kide bereizgarri bat behar da, antzeko kultura batean ager daitekeena eta ez nahitaez maila ekonomikoaren antzekotasunean. Gizarte-talde bateko kideek elkarrekin jarduten dute proiektu komun batean. Bat ez datorren azpitalde bat osatzen dute; azpitalde horrek, azkenean, kontrolatzaile-izaera hartzen du. Gizarte-talde baten potentzialtasuna sendoa da, gizartearen garapena  osatzeko, nahiz hura ukatzeko (oposizioko alderdia Legebiltzarrean, azpitaldea ikasgelan). Lider formalak edo informalak dira elkarreraginaren tramaren indargunea gizarte-taldean.

Gizabanakoen gizarte-taldeari gizarte-maila ere esaten zaio, eta gizabanakoak, jaiotzen den familiak daukan klasearen eragina bizitzen du. Talde kontzeptua mugatzea zaila da. Gizarte-zientzietan "talde" hitza ulertzeko, adjektibo baten ñabardurarekin erabili behar da edo hau testuinguru zehatz baten barruan agertu behar da. Izan ere, praktikan, errealitate desberdinei aplikatzen zaion terminoa da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne