Hego Amerika

Hego Amerika
Azalera17.840.000 km²
Biztanleria420.458.044 bizt (2015)[1]
Biztanle-dentsitatea21,4 bizt./km²
Jentiliziohegoamerikar
Herrialdeak12
Dependentziak4
Hizkuntzakportuges, gaztelania, ingeles, nederlandera, frantses, kreole
Ordu-eremuakUTC-2-UTC-5
Hiri nagusiakSão Paulo, Buenos Aires, Rio de Janeiro, Bogota, Lima

Hego Amerika Mendebaldeko hemisferioan eta batez ere Hego hemisferioan dagoen kontinente bat da, zati txiki bat Ipar hemisferioan dagoen arren. Ameriken azpi-kontinentetzat ere hartzen da, bereziki Ameriketako espainiera eta portugesa hitz egiten den eremuetan ikusten den bezala[2][3]. Hego Amerikari buruzko aipamenak ugaritu dira azken hamarkadetan, Latinoamerika edo Hego Konoari egindako aipamenen gainetik, bereziki Brasilgo ekonomiaren hazkuntza dela eta[4].

Ozeano Bareak mugatzen du mendebaldean eta iparraldean zein ekialdean Ozeano Atlantikoak; Ipar Amerika eta Karibea bere ipar-mendebaldea daude. Hamabi estatu burujabe daude (Argentina, Bolivia, Brasil, Ekuador, Guyana, Kolonbia, Paraguai, Peru, Surinam, Txile, Uruguai ea Venezuela), Frantziaren zati bat (Guyana Frantsesa) ea lurralde ez-burujabe bat (Falklandak, Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldea, Argentinak dispuatua). Gainera, Herbehereetako Erresumako ABC uharteak, Trinidad eta Tobago eta Panama ere Hego Amerikaren zatitzat har litezke.

Hego Amerikak 17.840.000 kilometro koadro ditu, munduko lur lehorraren %13 eta Amerikaren %42,9[5]. 2016a 420 milioi biztanle inguru zituen, munduko biztanleen %6,5[6]. Hego Amerika da laugarren kontinenterik handiena (Asia, Afrika eta Ipar Amerikaren ondoren) eta bosgarrena populazioari dagokionez (Asia, Afrika, Europa eta Ipar Amerikaren ondoren). Brasil da, nabarmen, Hego Amerikako herrialdeen artean biztanle gehien dituena, kontinentearen biztanleriaren erdiarekin; ondoren datoz Kolonbia, Argentina, Venezuela eta Peru. Azken hamarkadetan Brasilek ere bildu du eskualdearen BPGaren erdia, eta eskualdeko herrialderik boteretsuena da[4].

Kontinenteko biztanle gehienak mendebaldeko eta ekialdeko kostaldeetan bizi dira, barnealdea eta hegoaldeko puntan inor gutxi bizi den bitartean. Hego Amerikako geografian nabarmen dira Andeak; kontrastean, ekialdeko aldean goi-ordokiak zein lautada handiak dira nagusi, Amazonas, Orinoco eta Paraná ibaien ibilguan zehar. Kontinentearen zatirik handiena tropikoen barruan dago.

Kontinentaren gaur egungo itxura etniko eta kulturalaren oinarria europarrek Amerikaren aurkikuntza egin eta Amerindiarrekin elkarrekintza izaten hasi zirenean egituratu zen. Ondoren, migrazioek eta, maila lokalean, esklabotzak eragin nabarmena izan zuten. Kolonialismoaren eraginez Hego Amerikako herritarren gehiengoak portugesa edo espainiera hitz egiten du, baita Amerikaren deskolonizazioaren ondotik, eta Mendebaldeko kultura islatzen duten gizartea eta estatuak dituzte.

  1. «World Population Prospects - Population Division - United Nations» population.un.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  2. (Ingelesez) «South America | Facts, Land, People, & Economy» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  3. «Continent Map | Map of Continents | Continent Size, Populations, Number of Countries - Worldatlas.com» www.worldatlas.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  4. a b (Ingelesez) Schenoni, Luis L.. «"Unveiling the South American Balance" in Estudos Internacionais, 2(2): 215-232.» Estudos Internacionais v. 2 n. 2 jul-dez 2015 p. 215-232 (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  5. «The Continents: Land Area -ZoomSchool.com» www.enchantedlearning.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  6. «GWP - South America» web.archive.org 2008-07-23 (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne