Herriek Erabaki

Herriek Erabaki 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako sortutako koalizioa da. Euskal Herria Bildu (EH Bildu), Bloque Nacionalista Galego (BNG), Puyalón, Andecha Astur, Alternativa Nacionalista Canaria (ANC) eta Unidad del Pueblo (UP) koalizio nahiz alderdi politikoak biltzen ditu. Koalizio honek Ipar Euskal Herriko Euskal Herria Bai (EH Bai) eta Zutik alderdi politikoaren ondorengoa den Gorripidea taldearen babesa jaso du.

Koalizioa Euskal Herriko, Galiziako, Aragoiko, Asturiasko eta Kanariar Uharteetako ezkertiar abertzale eta nazionalistek osatuta dago eta helburua espainiar estatuko herriek autodeterminazio eskubidea lortzea da besteak beste. Zerrendaren burua EH Bilduko Josu Juaristi da eta BNGko Ana Miranda da bigarrena. Suso de Toro idazlea hamabigarren dago zerrendan. Eserleku bat lortuaz gero, EH Bildu eta BNG alderdiek lortutako botoen ehunekoen arabera Europako Parlamentuko eserlekua banatzeko erabakia hartu zuten.

Hasiera batean, Esquerra Republicana de Catalunya (ERC), Candidatura d'Unitat Popular (CUP) eta Nós-Unidade Popular zerrendara batzeko asmoa azaldu bazuten ere, ERC bere kabuz aurkeztu da eta CUP eta Nós-Unidade Popular alderdiek uko egin zioten hauteskundeetara aurkezteari.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne