Hominidae

Hominidae
15 Ma-Gaur egun

Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
SuperfamiliaHominoidea
Familia Hominidae
Azpifamiliak

Hominidae edo Hominidoak Primateen barruko familia bat da. Bere barruan gaur egun bizirik dauden zortzi espezie sartzen dira: Pongo (orangutanak), Gorilla, Pan (txinpanzea eta bonoboa) eta Homo (gizakia) generoetan banatuta, eta hainbat espezie fosil, Sivapithecus, Australopithecus edo Homo erectus kasu[1]. Sailkapen ezberdinak egin izan dira denboran zehar, eta oraindik ere eztabaida handia dago gai honen inguruan, bereziki anatomia eta ADNaren araberako sailkapenak ez datozelako guztiz bat[2].

Hominidaeren sailkapenean egindako aldaketek taldearen definizioa denboran zehar aldatzea ekarri du. Bere hasierako esanahian bakarrik gizakiak eta bere desagertutako ahaiderik gertukoenak sartzen ziren. Gaur egun, esanahi hori Hominina taldeari ematen zaio, definizioz txinpantzeengandik bereiztu osteko giza kladoan dauden espezie guztiak sartzen direlarik. Beste sailkapen batzuen arabera gizakiaren ahaiderik gertukoena gorila-txinpantze taldea izango litzateke edo orangutana[2]. Gaur egungo Hominidae taldearen deskribapenean tximino handi guztiak sartzen dira, gizakia barne. Liburu askotan, ordea, jatorrizko esanahiarekin erabiltzen da terminoa, oraindik.

Sailkapenak aldakorrak badira ere, gaur egun erabiliena denak bi talde bereizten ditu Hominidae barruan. Alde batetik Homininae subfamilia legoke, gizaki, txinpantze eta gorilekin, zein euren arbaso fosilak, eta, bestetik, Ponginae, gaur egun onartzen diren hiru orangutan espezieekin eta euren arbaso fosilak. Edonola ere, Hominidae guztien azken arbaso komuna orain 14 milioi urte bizi izan zen[3]. Gehien erabiltzen den sailkapenaren arabera, garai hartan bereiztu ziren orangutanaren arbasoak beste hiru generoen arbasoetatik[4]. Hominidae guztien ahaiderik gertuena Hylobatidae familia da, orain dela 15 eta 20 milioi urte artean bereiztu zena[4][5].

  1. Mammal Species of the World - Browse: Hominidae. (Noiz kontsultatua: 2017-07-10).
  2. a b (Ingelesez) Schwartz, Jeffrey. (2005-01-02). The Red Ape: Orangutans and Human Origins, Revised and Updated. (Rev Upd edition. argitaraldia) Basic Books ISBN 9780813340647. (Noiz kontsultatua: 2017-07-10).
  3. (Ingelesez) Hill, Andrew; Ward, Steven. (1988-01-01). «Origin of the hominidae: The record of african large hominoid evolution between 14 my and 4 my» American Journal of Physical Anthropology 31 (S9): 49–83.  doi:10.1002/ajpa.1330310505. ISSN 1096-8644. (Noiz kontsultatua: 2017-07-10).
  4. a b (Ingelesez) Dawkins, Richard. (2005-09-02). The Ancestor's Tale: A Pilgrimage to the Dawn of Evolution. (Reprint edition. argitaraldia) Mariner Books ISBN 9780618619160. (Noiz kontsultatua: 2017-07-10).
  5. TimeTree :: The Timescale of Life. (Noiz kontsultatua: 2017-07-10).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne