Ipar itsasoa

Ipar itsasoa
OzeanoaOzeano Atlantikoa
KontinenteaEuropa
Koordenatuak56°27′N 3°41′E / 56.45°N 3.68°E / 56.45; 3.68
Azalera570.000 km²
Luzera960 km
Zabalera580 km
Sakonerabatez bestekoa: 95 m
handiena: 700 m

Ipar itsasoa[1] Ozeano Atlantikoaren itsaso marjinal bat da, ekialdean Norvegia eta Danimarkako kosten artean kokatua, mendebaldean britainiar uharteetakoak eta hegoaldean Alemania, Herbehereak, Belgika eta Frantziakoak. Skagerrak itsasoaren ekialdeko badia moduko bat da, Kattegat-en bidez Baltikoarekin lotzen duena; Baltikoarekin konektatuta dago Kieleko ubidearen bidez ere. Mantxako kanalak Atlantikoaren gainerako zatiekin lotzen du hegoaldetik, eta, iparraldetik, berriz, Norvegiako itsasoarekin, zeina Shetlandak iparraldean itsasoak hartzen duen izena baita.

Mareak nahiko irregularrak dira, iparraldetik datorren korronte batek eta hegoaldetik datorren beste batek bat egiten baitute bertan. Euri eta laino ugari dago urte osoan, eta ipar-mendebaldetik nabigazioa arriskutsu egiten duten ekaitz bortitzak datoz.

750.000 km²-ko azalera du[2], 960 km inguruko luzera eta 480 km-ko zabalera, gehienez. Sakonera txikiko itsasoa da, batez beste 95 metroko sakonera baitu: Dogger bankuan, itsasoaren erdian eta 25 bat metroko sakoneran, mamut-aztarnak aurkitu izanak frogatzen du azken glaziazioan izotzez estalita edo azaleratuta zegoela. Izotza urtzean, bankua uharte itxurako azken gordeleku moduko bat bihurtu zen.

Antzinaroan, itsaso hori Oceanum edo Mare Germanicum izenez ezagutzen zen. Gaur egungo izena Frisiako uharteen ikuspegitik sortu zela uste da, handik erabat iparraldera geratzen baitzen, eta Hegoaldeko itsasoari (Frisiako itsasoa eta Zuiderzee, Herbehereetan) kontrajarrita. Luzarora, gaur egungo izena nagusitzen joan zen, eta Aro Modernoan nagusi zen dagoeneko. Aipaturiko Aro Modernoan, ohikoa zen Ozeano Atlantiko osoari Ipar itsasoa edo Nord Itsasoa deitzea, eta, ordainetan, Ozeano Bare osoari Hegoaldeko Itsasoa edo Sud Itsasoa deitu zitzaion.

Inguruko estatuetako hizkuntza ofizialen arabera: frantsesez, Mer du Nord deitzen zaio; nederlanderaz, Noordzee; alemanez, Nordsee; suedieraz, Nordsjön; danieraz, Nordsøen; norvegieraz, Nordsjøen, eta North Sea ingelesez. Frisieraz, Noardsee deitzen zaio, eta, eskozieraz, A' Mhuir Tuathen.

Petrolio eta gas natural hobi garrantzitsuak ditu, 1970eko hamarkadan ustiatzen hasi zirenak.

  1. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  2. Datu geografiko guztiak "Safety At Sea" webgunetik datoz.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne