Kolore

BYR kolore gurpila

Kolorea gizakiak eta animalia batzuek duten pertzepzio subjektiboa da, argi ikusgaiko uhin-luzerek sortua, objektuak modu zehatzagoan bereizten laguntzen duena eta begien bidez hautematen dena. Ez da ikusten diren objektuen ezaugarria, argiak objektu horiek argitzen dituenean sortutako gertaera baizik: argi zuri bat dispertsio sistema batetik igarotzen denean, argi zuria deskonposatu eta oinarrizko zazpi koloreak ikusten dira, hots, gorria, laranja, horia, berdea, urdin argia, urdin iluna eta morea. Koloreen deskonposaketa eta oinarrizko zazpi koloreak Isaac Newtonek aurkitu zituen.

Koloreak elkarren osagarriak dira; oinarrizko koloreak nahasiz, gainerako guztiak lortzen dira: oinarrizko kolore guztiak nahastuz gero, beltza ateratzen da, eta kolore guztiak batzen direnean, zuri ikusten da. Haiek bereizteko oinarritzat hartzen diren ezaugarri nagusiak tonua, distira eta asetasuna dira. Tonua espektroaren argi uhinen luzerak definitzen du; distira intentsitateak ematen du; eta asetasun maila, kolore batek zuritik duen ezberdintasunak eta espektroko kolorearekin duen antzekotasunak ematen du, kolorearen garbitasun mailak, alegia. Zuria eta beltza tonurik gabeko koloreak dira, akromatikoak.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne