Konposatu organiko

Metanoa da konposatu organiko sinpleenetakoa.

Konposatu organikoak beren molekuletan karbonoa duten konposatu kimikoak dira. Karbonoaz gain, hidrogenoa, oxigenoa, nitrogenoa, sufrea, fosforoa eta halogenoak ere izan ditzakete. Atomo hauek euren artean lotura kobalente bidez elkartuta agertzen dira.

Hala ere, karburo, karbonato eta karbono oxidoak ez dira konposatu organikoen barnean sartzen, hauek konposatu inorganikotzat hartzen dira.

Historian arazo ugari eman dituen zerbait izan da konposatu organiko eta inorganikoen bereizketa. Orokorrean, konposatu organikoek karbono eta hidrogeno arteko lotura kobalenteak dituztenak dira eta inorganikoak ez dituztenak. Horrela bada, azido karbonikoa konposatu inorganikoa da eta azido formikoa organikoa. Beraz, konposatu organiko guztiek karbonoa dute, baina karbonoa duten konposatu guztiak ez dira organikoak.

Konposatu organikoekin erlazionatutako alderdiez kimika organikoa arduratzen da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne