Konpost

Konpost piloa.

Konposta —zenbaitek luarra[1] deitua— konpostajearen ondorioz sortutako ongarria da, materia organikoaren deskonposizio maila ertaina. Materia organikoa ere ongarri ona da, berez; humusa, berriz, deskonposizio mailarik gorena da. Izena iparraldeko frantses zaharreko compost hitzetik dator (esanahia: «hostoen, simaurraren eta abarren nahasketa, lurrak ongarritzeko erabilia»). Konposta egiteko prozesuari konpostatzea edo konpostajea deritzo.

Materia organikoa deskonposizio aerobioz eta deskonposizio anaerobioz bihur daiteke konpost, baina ziklo aerobioz deskonposatzen den materia organikoari bakarrik deitzen diogu konpostajea. Deskonposizio aerobioa gertatzeko, airean oxigeno asko egon behar du; deskonposizio anaerobioa gertatzeko (metanizazio ere esaten zaio), aldiz, oso oxigeno gutxi edo batere ez.

Konposta era naturalean lortzen da deskonposizio aerobioz: materia organikoa (adibidez, landare edo animalia hondakinak) deskonposatu egiten da bakterio aerobio termofiloen bidez; delako bakterio horiek edonon daude. Konposta egiteko, oro har, materia organikoa ez usteltzen saiatu behar da; horretarako, uraren urritasuna bermatu behar da; izan ere, urak ez du uzten materia oxigenatzen, eta bakteria anaerobioak ugaldu egiten dira; ondorioz, hondakin organikoa usteldu eta kirastu egiten da. Hala ere, zenbait prozesu industrialetan, usteltze prozesua erabiltzen da konposta lortzeko.

Konposta, abantaila ugariko ongarria izanik, gehienbat nekazaritzarako eta lorezaintzarako erabiltzen da. Beste zenbait zereginetarako ere erabiltzen da; besteak beste, paisaia-pinturetarako, erosioa kontrolatzeko edo erretako lurrak berreskuratzeko.

Probetxu handikoa izateaz gainera, konposta bide ona da hiri handiek eta nekazaritza eta abeltzaintza esplotazioek sortzen duten hondakin organikoen arazoa konpontzeko. Egokia da, beste tratamendu teknologia batzuekin alderatuta; izan ere, tratamendu horiek askotan ez dituzte zaintzen baliabide naturalak eta ingurunea eta, gainera, oso garestiak izaten dira.

  1. Orozkoko (Bizkaia) euskarako hitz horrek, berez, «zizare» esan nahi du. Iturriak:
    • «luhar», Orotariko Euskal Hiztegia.
    • Joxe Aranzabal: «Jakobitak eta konposta», Faroa, 2015-08-24.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne