Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa

Desagerpenen intentsitatea bizitzaren historian zehar.

Kretazeo-Paleogenoko suntsipen (iraungipen ere erabili daiteke) masiboa edo K-Pg suntsipena Lurreko bizidunen hiru laurden desagertu zireneko suntsipen masiboa izan zen eta geologikoki denbora laburrean gertatu zen duela 66 milioi urte. Itsas dortokak eta krokodiloak bezalako espezie ektotermiko batzuek salbu, 25 kg baino gehiago pisatzen zuen tetrapodo batek ere ez zuen bizirik irautea lortu. Gertakizun horrek Kretazeoaren amaiera eman zuen, horrekin batera Mesozoikoa amaituz eta gaur egun jarraitzen duen Zenozoikoa hasiz.

Erregistro geologikoan suntsipen masibo hori K-Pg muga izeneko sedimentu geruza mehe batez markatuta dago eta mundu osoan zehar aurkitzen da, bai arroka itsastarretan bai arroka kontinentaletan. K-Pg mugako buztinak iridio kopuru altua erakusten du eta hori lurrazalean urria eta ezohikoa da; asteroideetan, aldiz, ohikoa.[1]

1980an, Luis Walter Alvarezek eta haren seme Walter Alvarezek osatzen zuten zientzialari-talde batek proposatu bezala, gaur ere uste da K-Pg suntsipena asteroide edo kometa masibo baten talkaren ondorioz izan zela. Alvarezen hipotesia deritzon talkaren hipotesia 90. hamarkadaren hasieran Mexikoko golkoko Yucatan penintsulan dagoen 190 km-ko Chicxulub kraterraren aurkikuntzarekin indartu zen. 2016an Chicxulubeko kraterrean egin zen ikerketa batek baieztatu zuen kraterra lur sakonetik azaleratutako granitoz osatuta zegoela baina ia igeltsurik ez zegoela, nahiz eta igeltsua eremuko sulfatodun arroka ohikoena izan. Izan ere, igeltsua ez zegoen kraterrean lurrundu eta atmosferan aerosol bezala zabaldu zelako, kliman eta kate trofikoan epe luzeko efektuak eraginda. 2019ko urrian ikertzaileek gertaera honek itsasoko urak azidifikatu zituela adierazi zuten, kolapso ekologikoa eta kliman luzaro iraungo zuten efektuak eragingo zuena. Hura izan zen Kretazeo amaierako suntsipen masiboa eragin zuen arrazoi nagusia.

Beste eragile batzuk Dekkango basalto plataformako bolkanismoa edota beste gertaera bolkaniko bat, aldaketa klimatikoa eta itsas-mailaren igoera izan zitezkeen.

Dinosauroak desagertu ziren, esaterako Triceratops eta Tyrannosaurus espezieak.

K-Pg suntsipenean hainbat espezie desagertu ziren, ezagunenak dinosauro ez-hegaztiak. Horrez gain, beste hainbat organismo lurtar desagertu ziren, hala nola ugaztun, hegazti, musker, intsektu eta landare batzuk eta pterosaurio guztiak. Bizidun itsastarrei dagokienez, plesiosauroak, mosasauroak, arrain teleosteoak, marrazoak, moluskuak (ammoniteak adibidez) eta hainbat plankton espezie desagertu ziren.

Bestalde, suntsipen horrek aukera ebolutiboak ere ekarri zituen: talde askok egokitu nahian erradiazio nabarmena izan zuten eta nitxo ekologiko hustu eta hondatuetan dibergentzia suertatu zen eta espezie eta forma berriak sortu ziren. Ugaztunak Paleogenoan dibertsifikatu ziren forma berrietara eboluzionatuz eta zaldiak, baleak, saguzarrak eta primateak agertu ziren. Biziraun zuten dinosauroen taldea hegazti lurtar eta urtarrena izan zen eta gaur egungo hegazti espezieetara erradiatu zuten.

Kretazeo-Paleogenoko suntsipen masiboari Kretazeo-Tertziarioko suntsipen masibo (edo K-T suntsipen) ere esaten zaio. Izenaren laburdura K eta T letrek osatzen dute: K Kretazeotik dator (alemanez, Kreide dena) eta T, aldiz, Tertziariotik (alemanez, Tertiär dena). Estratigrafiako nazioarteko batzordeak "Tertziario" terminoa ez erabiltzeko aholkatzen duenez, K-T suntsipena izendatzeko Kretazeo-Paleogenoko suntsipen masiboa edo K-Pg iraungipena erabiltzen dute aditu askok [2].

  1. Altonaga, Kepa. (L.G. 2021). Iridioaren mintzoa : meteoritoa eta dinosauroen akabantza / Kepa Altonaga.. Pamiela Argitaletxea ISBN 978-84-9172-223-6. PMC 1260195314. (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  2. A geologic time scale 2004. Cambridge University Press 2004 ISBN 0-511-08201-0. PMC 60770922. (Noiz kontsultatua: 2021-11-04).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne