Kristal

Agian Beira artikulua bilatzen ari zinen.
Kuartzo-kristala
Galioa, kristal handiak eratzen dituen metala

Kimikan, mineralogian eta materialen zientzian, kristala solido bat da, hiru espazio-dimentsioetan hedatzen den eredu errepikakor eta ordenatua osatuz paketatutako atomo, molekula edo ioiak dituena. Kristalografia deritzon zientziak aztertzen ditu.

Hitza grezieratik dator (κρύσταλλος, krystallos, "izotz argia"), hasieran uraren forma solido berezia zela uste baitzen. Bereziki, kuartzoari izena emateko erabili izan da.

Jariakin batek kristal bat eratzen duenean, hainbat faktorek eragiten dute prozesuan: jariakinaren ezaugarri kimikoak, solidotzearen baldintzak eta ingurunearen baldintzak (tenperatura eta presioa). Kristal-egitura bat sortzearen prozesuari kristalizazio deritzo.

Normalean materialen hozte-prozesuek kristalak sortzen dituzte, baina zenbait baldintzatan, jariakina kristala ez den beste egoera batean gogor daiteke. Kristala ez den forma horri solido amorfo edo beiratsu deritzo.

Material-mota guztiek eratzen dituzte kristalak. Ia metal guztiak existi daitezke egoera polikristalinoan; izan ere, metal amorfoak edo kristal bakarrekoak eratzeko teknika artifizialak erabili behar izaten dira. Ionikoki lotutako kristalak gatzak solidotzean sortzen dira, bai jariakin batetik abiatuz bai disoluzio bat kondentsatu delako. Lotura kobalentedun kristalak ere oso arruntak dira, esaterako silizioa, grafitoa edo diamantea. Material polimerikoek, oro har, kristal-eskualdeak eratzen dituzte, hain molekula luzeak dituztenez kristalizazio osoa zaila izaten baita. Van der Waals-en indar ahulek ere kristal-egituran eragiten dute; esaterako, grafitoaren hexagono-formako orriak lotuta mantentzen dituzte.

Inoiz, kristalek akatsak dituzte: izatez, arrunt samarra da kristalak akasdunak izatea. Akats-motak eta haren egiturak eragin handia izaten du materialaren propietateetan.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne