Masa

Artikulu hau fisikako kontzeptuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Masa (argipena)».
Masa
Magnitude motakind of quantity (en) Itzuli eta ISQ oinarriko kantitatea
Ohiko ikurra
Neurtzeko unitateakilogramo eta tona
Dimentsioa

Fisikan, masa (massa latinez) gorputz baten materiaren kantitatearen neurria adierazten duen magnitude fisikoa da.[1]

Mekanika newtondarrean, masa magnitude fisiko eskalar, positibo eta intrintsekoa da. Gainera, estentsiboa da, horrek esan nahi du zenbait zati edo partez osaturiko gorputzaren kasuan, gorputzaren masa osoa parte horien guztien masen batura dela. Bestalde, magnitude kontserbakorra da, hots, bere inguruko gorputzekin materiaren trukerik ez daukan sistema baten kasuan, masaren balioa konstantea da.

Gorputz baten masa bi eratan nabaritzen eta identifikatzen da:  batetik, bere abiadura aldatzeari gorputzak jartzen dion eragozpen edo inertzian; bestetik, edozein gorputzen arteko interakzio grabitazionalean. Lehenengo kasuan inertzia-masa edo masa inertziala deritzo; bigarrenean, grabitazio-masa edo masa grabitazionala. Orain arteko esperimentuetan egiaztatu denez, proportzionaltasun zehatza dago bi masa horien artean, gorputzaren materiala edozein izanik ere. Proportzionaltasun horrek ahalbidetzen du kontzeptualki desberdinak diren bi magnitude horiek neurtzeko unitate berbera erabiltzea eta biak baliokidetzat hartzea. Preseski, baliokidetza-printzipioak adierazten du baliokidetasun hori.

Nazioarteko SI unitate-sistemako masa-unitatea kilogramoa da eta sinboloaz adierazten da.[2]

Ohar bat egitea komeni da "masa" hitzaren erabilerari buruz. Hizkera arruntean nahastu egiten dira askotan “masa” eta “pisu” kontzeptuak. Fisikan, ordea, bereizi egiten dira argiro: masa magnitude eskalarra da; pisua, ordea, magnitude bektoriala, indar bat baita, zeinaren balioa grabitazio-indarrarekin eta erreferentzia-sistemako inertzia-indarrarekin erlazionaturik dagoen.

  1. Gurtubai, Idoia G.. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (Elhuyar taldeak egina). (Noiz kontsultatua: 2019-07-18).
  2. BIPM - kilogram. (Noiz kontsultatua: 2018-01-17).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne