Mekanika klasiko

Mekanika klasikoa objektu makroskopikoen higidura deskribatzen duen fisikaren arloa da, hala nola proiektilen eta makinen zatien higidurak, edota espazio-ontzi, planeta, izar eta galaxien higidurak ere. Emaitza oso zehatzak lortzen ditu eremu horietan, eta zientziaren, ingeniaritzaren eta teknologiaren arlo zaharrenetariko eta zabalenetariko bat da. Bestalde, mekanika klasikoak materiaren egoera guztien propietateak aztertzen ditu, solido izan zein fluido (likido, gas edo plasma) izan.

Aldiune batean objektu baten egoera ezagutuz gero, mekanika klasikoaren legeen bidez kalkulatu —eta aurresan— egin daiteke objektua nola higituko den etorkizunean —horri determinismoa deritzo—, eta baita nola higitu den iraganean ere —horri itzulgarritasuna deritzo—.

Lurraren inguruko higidura orbitala ageri duen diagrama, abiadura eta azelerazio bektoreak adieraziz.

Mekanika klasikoaren garapen goiztiarrena XVII. mendearen bigarren erdialdean gauzatu zen Isaac Newton (1626-1727) eta Gottfried Wilhelm Leibniz-en (1646-1716) lanari esker, biek ala biek metodo matematiko egokiak asmatu baitzituzten indar-sistemen eraginpean dauden gorputzen higidura deskribatzeko. Gainera, Newtonek mekanika klasikoaren funtsezko legeak modu matematikoan aztertzeko bidea argitu zuen 1687an Philosophiae Naturalis Principia Mathematica liburuan. Horregatik, orduan sorturiko mekanika klasikoari mekanika newtondarra zeritzon hasieran, eta gaur egun ere horrelaxe esaten zaio maiz.  

Geroago, XVIII eta XIX. mendeetan zehar metodo abstraktuak asmatu ziren mekanika klasikoa birformulatzeko, bereziki Joseph-Louis Lagrange-ren (1736-1813) (mekanika lagrangearra) eta William Rowan Hamilton-en (1805-1865) (mekanika hamiltondarra) eskutik, nolabait esateko mekanika analitikoa garatuz, gaur egun fisika modernoaren arlo askotan forma horretan erabiltzen dena.

Nolanahi ere, mekanika klasikoa terminoa XX. mendean hasi zen erabiltzen, mende horren hasieran gertaturiko aldakuntza eta teoria berrietatik bereizteko. Hain zuzen ere, batetik, objektuen abiadura argiaren abiadurara hurbiltzen ari den kasuetan erlatibitatearen teoria berezia eduki behar baita kontuan; bestetik, objetuen tamaina izugarri handia denean (izarrak, galaxiak…) erlatibitate orokorra aplikatu behar da; eta objektuen tamaina atomoen tamainaren antzekoa edo txikiagoa denean mekanika kuantikoa erabili behar da. Labur esanda mekanika klasikoak tamaina eta abiadura eta ez oso handi edo oso txikietako objektuekin da baliagarria; baina abiadura edo tamaina oso handietako kasuetan, mekanika erlatibista, eta atomoen tamainako munduan, mekanika kuantikoa.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne