Mineral

Mineral batzuk

Mineralak konposizio kimiko egonkorra duten substantzia naturalak dira, gehienetan solido eta inorganikoak eta kristal-egitura dutenak. Arrokak eta mineralak ezberdinak dira, arrokek mineralak eduki ditzaketelako edo ez eta ez dutelako konposizio definitua. Hala ere, ez dago argi zein den zehazki mineralaren definizioa. Mineralen ikerketaz arduratzen den geologiaren adarra mineralogia da.

5300 espezie mineral baino gehiago badira, hauetatik 5070 Nazioarteko Mineralogia Elkarteak (IMA) onartu dituenak. Etengabe mineral berriak aurkitu eta deskribatzen dira, 50 eta 80 artean urtero[1].

Oxigenoak eta Silizioak lurrazalaren % 75a osatzen dute; beraz, silikatoz osatuta daude mineral asko, zeintzuk lurrazalaren % 90 baino gehiago osatzen duten. Mineralak propietate fisiko eta kimiko desberdinen bidez sailkatzen dira. Konposizio kimikoan eta kristal egituran diferentziek hainbat espezie bereizten dituzte, eta, aldi berean, mineralen formakuntzan ingurune geologikoak eragina du hauen propietateetan.

Mineralak beraien egitura eta konposizio kimikoekin erlazionatzen diren hainbat propietate fisikoekin deskribatu daitezke. Ezaugarri erabilienak identifikazioan hauek dira: kristal egitura, abitua, gogortasuna, dirdira, gardentasuna, kolorea, marra kolorea, esfoliazioa, haustura eta dentsitate erlatiboa. Gainera, beste propietate espezifikoagoak magnetismoa, zaporea, usaina, erradioaktibitatea eta azido sendoekiko erantzuna dira.

Mineralak osagai kimikoengatik sailkatzeko, gehien bat Danaren sailkapena eta Struntzen sailkapena erabiltzen dira.

Balio ekonomikoa duten mineralei mea deitzen zaie, eta balio ekonomikorik ez dutenei, aldiz, ganga.

  1. Burke, Ernst A.J.. International Mineralogical Association - Commission on New Minerals, Nomenclature and Classification. (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne