Normandiar

XII. mendean normandiarren esku zeuden lurraldeak.

Normandiarrak (hitzez hitz, "iparraldeko gizonak") baregoekin batera bikingoen herria osatzen zuen taldeetako bat izan zen. VIII. mendearen azken aldera Europako zenbait lurraldetan inbasioak eta lapurketak egin zituzten. Baregoak egungo Suedia inguruan bizi izan ziren, Skania penintsulatik iparralderantz, gutxi gora-behera. Normandiarrak, aldiz, gehien bat egungo Danimarka eta Norvegiakoak ziren jatorriz, baina IX. mendearen bigarren zatian egun Frantzia den lurraldearen ipar-mendebaldea okupatu zuten. Lurralde horri Normandia deritzo gaur egun.

Norvegiarrek besteak beste Feroe eta Shetland uharteak zituzten kokaleku; Groenlandia aurkitu zuten eta Ameriketaraino ere iritsi ziren. Danimarkarrak Jutlandian, Ingalaterran eta Iberiar Penintsularen ipar aldean, Galizian esate baterako, eta baita hegoaldean ere, Sevillan adibidez, izan ziren. Suediarrak (baregoak), berriz, Errusiako ordoki zabaletan egin zituzten ekinaldiak gehienbat.

Europan zehar batetik bestera aritu ondoren, talde batzuk Frantziaren ipar-mendebalean kokatu ziren; hala sortu zuten 911. urtean Normandiako dukerria. 1066. urtean Gilen I.a normandiar dukeak hasi zituen Ingalaterrari normandiarrek egin zizkioten erasoaldiak (Hastingseko guduak). 1070. urterako Ingalaterrako anglo-saxoi noble asko hil zituzten eta askori beren lursailak ere kendu zizkioten. Garai hartan Ingalaterran hitz egiten zuten normandiar frantsesak eragin handia izan zuen ingeles hizkuntzan. XII. mendean Italia hegoaldera ere jo zuten normandiarrek, Sizilia aldera batik bat.

Adranoko gaztelu normandiarra (Sizilia).

Normandiarrak, euren bidaietan ikusten zuten edozer desegiteaz arduratzen ziren, ikur kristauak batez ere, Ingalaterrako Lindisfarne monasterioa kasu. Karlomagno Germaniako Erromatar Inperio Santuko lehen enperadore zelarik, oraingo Frantziako hainbat herritan sartu ziren normandiarrak, behin eta berriz. Azkenean, normandiarrek alde egingo bazuten, Karlomagnok, orain Normandia deitzen den lurraldea eman zien, goberna zezaten. Hauek, Euskal Herrian hain ezaguna den Jaun Zuriaren elezaharra sorrarazi zuten.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne