Osziladore harmoniko

Osziladore harmonikoa deritzo osziladore ideal bati, zeinean magnitude fisiko baten balioaren eboluzio denboral periodikoa funtzio sinusoidal batez adierazten den eta zeinaren maiztasunak (edo frekuentziak) sistema fisikoaren ezaugarrien menpekotasuna duen soilik. Eredu teoriko bat da, sistema fisiko batek oreka-posizioaren inguruan duen eboluzioa erakusten duena, eta fisikaren hainbat arlotan agertzen dena, hala nola mekanika, elektrikan, elektronikan eta optikan.

Praktikan, osziladore harmonikoa fenomeno fisiko batzuen azalpenerako hurbilketa da, indar disipatiboak oso txikiak direnean erabiltzen dena; praktikan, indar disipatiboen eraginari aurre eginez oszilazioen anplitudea konstantea izan dadin, energiaz hornitu behar izaten da sistema oszilakorra, marruskaduraren eragina moteltzailea deusezteko.

Malguki batetik zintzilikaturiko masaren oszilazio harmonikoen eskema.

Osziladore harmonikoen adibide sinple bat da, adibidez, malguki batetik esekitako masa batek duen higidura oszilakorra. Masa hori norabide bertikaleko oreka-posiziotik aldenduz gero (gorantz zein beherantz izan, berdin dio), malgukiak indar bat egingo dio masari oreka-posiziorantz eramateko, eta askatzean, masa oszilatzen hasiko da oreka-posizioaren inguruan, higidura harmonikoa osatuz.[1]

Horrela, eredu teorikoan, malgukiaren energia potentziala masaren energia zinetiko bihurtzen da, eta alderantziz, etengabe. Dena den, esperimentu erreala egitean, energiaren parte bat disipatu egiten da higidurarekin, dela airearen biskositateak sorturiko marruskaduraren kausaz, dela malgukia guztiz elastikoa ez delako, eta higidura harmonikoaren anplitudea txikiagotuz joango da denbora pasatu ahala; orduan, oszilazio harmoniko indargetua izango da. Kasu horretan, oszilazioaren anplitudea konstante iraunarazteko, kanpotik eginiko indar bat egin beharko da, oszilazio harmoniko bortxatuak egitera behartuz.

  1. (Gaztelaniaz) Oszilagailu harmoniko baten higidura marrazteko makina sinplea.. .

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne