Pertzepzio

Necker kuboa eta Rubin ontzia modu batean baino gehiagotan hauteman daitezke.

Pertzepzioa (latinez perceptio, “jasotzea” edo “biltzea”) edo hautematea ingurunetik jasotzen diren estimuluen antolaketa, identifikazioa eta interpretazioa egiten dituen ahalmen biofisiko eta psikologikoa da. Prozesu kognitibo honen bitartez, izakiak haren inguruan duen oro ezagutzeko gaitasuna eskuratzen du. Aro modernotik aurrera pertzepzioa honela deskribatu da, baina James J. Gibsonen planteamendu ekologistak eta Ulric Neisseren psikologia klasikoak pertzepzioari buruzko beste ikuspegi batzuk proposatu dituzte.

Pertzepzioaren inguruko ikuspegiaren arabera, zenbait korronte filosofiko garatu dira, batzuk haren alde eginez (errealismo filosofikoa eta enpirismoa) eta beste batzuk, ordea, aurka (idealismoa eta arrazionalismoa). Horrela, pertzepzioaren inguruko teoria ezberdinak sortu dira korronte horietatik abiatuz.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne