Sinbiosi

Pailazo arraina anemonaren tentakuluen artean mugitu daiteke haren zelula erresumingarriekiko immunea delako.

Sinbiosi deritzo bi organismo edo gehiagoren arteko epe luzerako harreman biologiko estuari. Sinbiosian parte hartzen duen organismo bakoitzari "sinbionte" deritzo, eta sinbionte horiek espezie berekoak edo espezie ezberdinekoak izan daitezke. 1879an, Heinrich Anton de Bary-k honela definitu zuen sinbiosia: "organismo ezberdinen arteko bizikidetza".

Sinbiosia derrigorrezkoa edo fakultatiboa izan daiteke. Sinbionte baten edo bien biziraupena haien arteko elkarrekintzaren menpe badago, sinbiosia hertsia dela esaten da, likenen kasuan bezala. Sinbionteak beren kabuz bizi ahal badira, bizirauteko bata bestearen beharrik gabe, pailazo arraina eta anemona bezala, sinbiosia fakultatiboa dela esaten da.[1]

Sinbiosia mota bikoa izan daiteke: endosinbiosia edo ektosinbiosia. Organismo sinbionteetako bat beste baten ehunen barruan bizi bada, harremanari endosinbiotiko deritzo. Harreman sinbiotikoa eratzen da, esate baterako, Rhizobium generoko bakterio nitrogeno-finkatzaileen eta landare leguminosoen artean, eta mikroorganismo hauek leguminosoen sustraietako noduluetan bizi dira. Sinbionteetako bat ostalariaren ehunen gainean bizi bada, adibidez, digestio-traktuko hodien epitelioan[2][3], harreman horri ektosinbiotiko deritzo. Ektosinbionteen adibide dira zorriak bezalako bizkarroiak, edo mutualista ektosinbionteak diren arrain garbitzaileak.

Sinbiosian parte hartzen duten organismoek onura, kaltea, edo ez bata eta ez bestea jasotzen duten arabera bereiztuko dira sinbiosi motak, hala nola, mutualismoa, komentsalismoa, parasitismoa, eta amentsalismoa.

  1. (Ingelesez) «Intricate relationship allows the other to flourish : Sea Anemones - AskNature» AskNature (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  2. (Ingelesez) Paracer, Surindar; Ahmadjian, Vernon. (2000). Symbiosis: An Introduction to Biological Associations. Oxford University Press ISBN 9780195118063. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  3. (Ingelesez) Nardon, P.; Charles, H.. (2001). «Morphological Aspects of Symbiosis» Cellular Origin, Life in Extreme Habitats and Astrobiology (Kluwer Academic Publishers): 13–44.  doi:10.1007/0-306-48173-1_2. ISBN 1402001894. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne