Sumendi

Kilaueako (Hawaii, AEB) Pu‘u ‘Ō‘ō sumendia 1983an.
Filipinetako Pinatubo sumendiaren 1991ko erupzioa.

Sumendia —izen teknikoz, bolkanaLurraren edo beste planeta nahiz satelite baten gainazalean dagoen berezko irekidura edo arraildura da, barrualdean dauden solidoak edo jariakariak (gasak, lurruna, laba, errautsak) ateratzen uzten duena. Sumendi baten barrualdeko egiturak hiru oinarrizko osagai ditu: tximinia, gaiak irteteko bidea; kraterra, tximiniaren kanpoaldeko irtenlekua, eta magma galdara, magma osatzen den lekua. Magma igotzen denean, presioa gutxitu egiten da eta gasak askatzen dira. Gas horiek leherketa eragiten dute, eta leherketa handiagoa edo txikiagoa izaten da presioaren arabera. Harri urtuek laba jarioa osatzen dute; labak sumenditik irteterakoan 600-1000 °C bitarteko tenperaturara iristen da. Sumendien erupzioekin zerikusia duten gertakari geologikoen multzoari bolkanismoa esaten zaio. Sumendiak aztertzen dituen zientzia bolkanologia da.

Sumendiak egoeraren arabera sailkatzen dira: berriak, eta beste sumendiekin inolako zerikusirik ez dutenak, piztuak daudenak; itzaliak, baina aldian behin pizten direnak; eta iraungiak, antzinatik inolako bizi arrastorik izan ez dutenak. Sumendi gehienak Ozeano Barearen eta Mediterraneoaren inguruan daude. Ezagunak dira, besteak beste, Mauna Loa, Popocatépetl, Pelée, Cotopaxi, Hekla, Vesuvio, Etna, Krakatoa eta Fuji mendia. Lurrazalean dauden mila bat sumendietatik, gaur egun 600 gutxi gorabehera daude piztuta.

Bolkanismoa suntsitze eta hondamendi iturri ukaezina bada ere, prozesu oinarrizkoa da litosferaren eraketa eta dinamikan. Are gehiago, ozeanoen hondoa milioika urtetan zehar itsas bizkarretatik geldiro eta etengabe jariatutako laba emarien emaitza da. Era berean, itsaspeko sumendien jardueraren eraginez, gizakiarentzat erabilgarri diren mea biltegi handiak eratu dira. Gune metalanitzak deritze horiei, eta baliagarri izan litezke zenbait metalen urritasun arazoa konpontzeko.

Sumendien erupzioak sorrarazten dituzten astinaldiak kontinente eremu handien eratzaileak izan dira, hala nola, milioi erdi kilometro koadro baino gehiago dituen Dekkango goi-ordokia, Indiako ipar-mendebaldean; edota Columbia ibaiaren goi-ordokia, berrehun mila kilometro koadrokoa, Estatu Batuen ipar-mendebaldean dagoena.

Sumendien jardueraren eragin mesedegarrien barruan oso kontuan hartzekoak dira erupzioetan iraitzitako errautsak eta gasak ere, funtsezkoak baitira lurreko bizitzarako. Erupzioetan ateratzen diren milaka milioi tona errautsak ongarri bikainak dira lurrarentzat. Zientzialariek eta bolkanologoek uste dute izaki biziek nahitaezkoak dituzten oxigeno, hidrogeno, karbono, sufre eta nitrogenoaren ia laurden bat sumendiek azaleratua dela. Bizitzaren sorrera bera ere sumendien jarduerari estu loturik dago: atmosfera eta hidrosfera –nahitaezkoak bizitza sortuko bazen– Lurraren hasierako aldietan eratu baitziren, ur lurrunaren eta sumendietatik iraitzitako beste zenbait gasen konbinazioetatik abiatuta.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne