Tolteka

Gerrari toltekak, Tulako Atlantes estatuetan irudikatuak

Tolteka[1] antzinako amerindiar leinua da. Toltekak Mexiko erdialdean bizi izan ziren VIII. eta XIII. mendeen artean, baina haien zibilizazioaren urrezko aroa 900. urte inguruan hasi zen, ordura arte garrantzi handiko kultura- eta arte-gune izan zen Teotihuacan hiriaren gainbeherarekin batera. Teotihuacanen gainbeheraren ondoren beren hiriburua Tulan finkatu zuten toltekek.

Zibilizazio aurreratua izan zen: besteak beste, arkitektura- eta arte-lan handiak egin zituzten (estatua erraldoiak, zutabe oso landuak), metala eta harria lantzeko teknika bikaina zuten, papera egiten zuten eta astronomia-ezagutza handiak zituzten. Erlijioari dagokionez, X. mendera arte Quetzalcoatl izan zuten jainko nagusia, Artizarraren eta Haizearen jainkoa. X. mendean Tezcatlipoca jainkoaren gurtzaren aldekoak, eskulangileak eta merkatariak gehienak, nagusitu ziren Tulan, eta hala, Quetzalcoatlen jarraitzaileek Yucatan aldera emigratu eta maien inperiora hedatu zuten tolteken eragina (maia-tolteka aldiaren hasiera); baina tolteken barne-gatazka ugarien eta 1168an txitximekek Tula menderatu izanaren ondorioz, toltekek indarra galdu zuten eta aztekak nagusi izan ziren garaia hasi zen, maia-tolteka kulturan oinarritu zena.

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 190. arauaː Munduko herriak eta etniak. .

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne