Tunel-efektua

Irudi honetan elektroi sorta bat potentzial langa batera hurbiltzen ikus daiteke, eta langara iritsitakoan, nola zati handiena etorritako lekutik itzultzen bada ere zati txiki batek langa tunel efektuaren bidez gainditzen duen.

Tunel-efektua[1] deritzo mekanika kuantikoan partikula batek bere energia baino energia potentzial handiagoko potentzial-langa bat zeharkatzean jazotzen den fenomenoari.

Mekanika klasikoan efektu hau azaltzea ezinezkoa da, potentzial-langa bat igarotzeko aukera bakarra honek behar beste energia lortu eta gainetik pasatzea baita. Baina mekanika kuantikoan, uhin-partikula dualtasunari esker, partikularen posizioa uhin-funtzioa erabiliz deskribatu daiteke, eta honela, langara iritsi ondorengo partikularen posizioaren probabilitatea kalkulatu. Probabilitate hori aztertuz, potentzial-langa behar adina energia izan gabe zeharkatzea posible dela ikus daiteke. Zeharkatzeko probabilitatea finitua da, eta esponentzialki txikiagotzen da langaren altuera eta zabalera handiagotzean. Tunel efektua 1-3nm edo txikiagoko potentzial langetan gertatzen da.[2]

Efektu hau Heisenbergen ziurgabetasunaren printzipioa erabiliz ere uler daiteke, partikula baten posizioa zehazki jakin ahal ez izateak honi mekanika klasikoaren arauak bortxatzea ahalbidetzen baitio, potentzial-langa energia nahikorik gabe zeharkatzea posible eginez.

Tunel efektua XX. mendearen hasieran aurresan zen, eta mende bereko erdialdera izan zen fenomeno fisiko orokor gisa onartua.

  1. Euskalterm: [Nanoteknologia eta Nanozientzia Hiztegia] [2015] eta [Energia Berriztagarriak Hiztegia] [2015]
  2. Encyclopedia of physics. (2nd ed. argitaraldia) VCH 1991 ISBN 0-89573-752-3. PMC 20853637. (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne