Euskara

Euskara
Euskara
Euskaldunen ehunekoaren mapa, udalerrika, datu berrienen arabera[a]

     % 80-100     % 50-80

     % 20-50     % 0-20

Datu orokorrak
Lurralde eremuaEspainia eta Frantzia;
euskal diaspora
Hiztunak751.700[4][5][6][7]
OfizialtasunaEuskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoko iparraldea (Espainia)
EskualdeaEuskal Herria
UNESCO sailkapena2: kaltebera
AraugileaEuskaltzaindia
Hizkuntza sailkapena
Hizkuntza bakartua
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua, SOV hizkuntza, aditza objektua subjektua, objektua aditza subjektua, objektua subjektua aditza, hizkuntza eranskaria, silabadun hizkuntza, hizkuntza polisintetikoa, hizkuntza ergatiboa, hizkuntza sintetikoa eta hizkuntza bakartua
Kasu gramatikalakabsolutiboa, ergatiboa, datiboa, inesiboa, adlatiboa, ablatiboa, genitiboa, instrumentala, komitatiboa, destinatiboa, kausatiboa, terminatiboa, norabidea, partitiboa, prolatiboa, gutxi gorabeherakoa, destinatiboa eta motibatiboa
Alfabetoaeuskal alfabetoa eta latindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1eu
ISO 639-2baq eus
ISO 639-3eus
Ethnologueeus
Glottologbasq1248
Wikipediaeu
Linguasphere40-AAA-a
ASCL2901
UNESCO415
IETFeu

Euskara Euskal Herriko hizkuntza da.[8] Hizkuntza bakartua da, ez baitzaio ahaidetasunik aurkitu. Morfologiari dagokionez, hizkuntza eranskari eta ergatiboa da. Euskaraz mintzo direnei euskaldun deritze. Gaur egun, Euskal Herrian bertan ere hizkuntza gutxitua da, lurralde horretan gaztelania eta frantsesa nagusitu baitira.

Euskararen sustrairik zaharrenak, Erromatar Inperioaren aurretikoak, Akitania osoan eta Bizkaiko golkotik Andorraraino bitarteko Pirinioen bi aldeetan agertu dira. Erdi Aroan, gutxienez Errioxan eta Burgosko ipar-ekialdean ere hitz egin zela dokumentatuta dago. Gutxitze prozesu latza jasan du, eta lurraldeak galdu ditu etenik gabe. Nafarroa Garaian, bereziki, prozesu hori oso nabarmena izan da azken mendeetan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual nahiz Arturo Kanpion eta Sabino Arana bezalako politikarien eraginez nolabait biziberritu zen, eusko abertzaletasunari estuki lotu baitzen. Frankismoaren garaian (19361977) euskarak jazarpen arrotza pairatu zuen eta ia desagertu zen, baina berriro ere indartu egin da 1960ko hamarkadaz geroztik, euskararen aldeko herri mugimenduak (ikastolak, AEK...) eta idatzizko estandarizazioak lagunduta.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu du, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza izendatu zuen eta gaztelaniarekin batera ofizial egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (Trebiñun eta Villaverde Turtziozen izan ezik). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskaldunean) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoan), onarpen maila txikiagoa da eta traba handiagoak ditu euskarak. Nafarroako hegoaldean (eremu ez-euskaldunean), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du aginpidea duten erakunde publikoen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.

2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskararen eremu osoan bizi ziren 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 (751.500 pertsona) zen euskalduna, eta % 16,4 (434.000 pertsona) euskaldun hartzailea.[9] Hala ere, adin tarte gazteagoak kontuan hartuta, kopurua handiagoa da. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko datuak soilik kontuan hartuta, 2016an 2 urtetik gorako 895.942 euskaldun eta 391.897 euskaldun hartzaile zeuden.[10]

« Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria. »
Koldo Mitxelena[11]
  1. Eusko Jaurlaritza (2020). VI. Mapa Soziolinguistikoa, 2016. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
  2. Nafarroako Gobernua (2020). Nafarroako datu soziolinguistikoak, 2018. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Euskarabidea.
  3. (Frantsesez) «Euskararen egoera Iparraldean - 2016ko inkesta soziolinguistikoa» OPLB Office Public de la Langue Basque - Pays Basque - EEP - Euskararen Erakunde Publikoa - Euskal Herria (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  4. VI. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA (2016). (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
  5. «VI. Inkesta Soziolinguistikoa» Euskarabidea (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
  6. «VI. Inkesta Soziolinguistikoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
  7. «Trebiñuko enklabea» (PDF) euskaraba.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-19).
  8. «euskara», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.
  9. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman inkestaEuskalHerria izeneko erreferentziarako
  10. Hire alde hori. Berria (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
  11. Koldo MITXELENA: «Euskararen bide luze bezain malkarrak», in Euskararen liburu zuria, Euskaltzaindia, 1978.


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "lower-alpha", but no corresponding <references group="lower-alpha"/> tag was found


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne