Wikipedia

Wikipedia
Wikipedia-logo-v2.svg
Www.wikipedia screenshot (2021).png
Wikipedia.org
URL helbidea http://www.wikipedia.org
Komertziala?Ez
Webgune mota Entziklopedia proiektua
Erabiltzailea erregistratzeaHautazkoa
Hizkuntza(k)291 hizkuntza
Jabea Wikimedia Fundazioa
EgileaJimmy Wales, Larry Sanger
Argitalpen data2001eko urtarrilaren 15a

Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleanitza, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak sustengatua. Wikipedia mundu osoko boluntarioek idazten dute. Internetera konektatutako edonork parte har dezake Wikipediako artikuluetan, aldatu lotura sakatuz. 2015ko azaroaren bostean, 291 hizkuntzatako edizioak zituen, eta horietatik 275 zeuden aktibo. Proiektuaren xedea da ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzitako entziklopedia sortu eta hedatzea. Guztira 37 milioi artikulu ditu, horietatik 404.937 euskaraz eta bost milioitik gora ingelesez.

Wikipedian parte hartzen dutenei wikilari deritze. Desadostasunik sortuz gero, iritzia eman duten wikilarien gehiengoaren aukera gailentzen da. Bere antolamenduaren alde ona da etengabe eguneratzen, handitzen eta zuzentzen ari dela, eta hutsegiteak zuzentzea erraza dela. Aitzitik, Euskal Wikipediari dagokionez, zehaztasun falta izaten du hainbat artikulutan (edozein artikulutan, artikuluan landutako gaian aditu ez direnek ere parte har baitezakete), eta hizkuntzaren aldetik badira oso zuzenak ez diren artikuluak. Hala, bada, Euskal Wikipedia gorabeheratsua da kalitatez. Elhuyar Fundazioak 2011n egindako balioztapenak erakutsi zuenez, Euskal Wikipedian «artikulu bikainekin batera, badira oraindik aski kaskarrak direnak».[1]

Hala ere, Ingeles Wikipedia munduko entziklopedia hoberenen parekoa dela erakutsi zuen 2005ean Nature aldizkariak wikipedia horretako zientzia artikuluei buruz egindako ikerlan batek.[2][3]

  1. Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegia, 2011.
  2. Jim Giles (2005eko abendua): «Internet encyclopedias go head to head»], Nature, 438 liburukia, 7070. zenbakia, 900-901. orrialdeak.
  3. Nature: «Nature's responses to Encyclopaedia Britannica», Nature.com, 2006-03-30.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne