Kontabilitate

Antzinako kontableak bulegoan lan egiten.

Ekonomian, kontabilitatea edo kontularitza enpresa bateko informazio ekonomikoa jaso eta aztertzen duen teknika da. Zehatzago, kontabilitateak erakunde ekonomiko batek une jakin batean duen ondarea eta, ondare hau gutxituz edo gehituz, denboran zehar burutzen dituen erakunde barneko zein kanpoko trukaketak jaso, egiaztatu, sailkatu, laburtu, aztertu eta azaltzen dituzten tekniken multzoa da. Hastapenetan, kontabilitatearen helburu soila enpresako egitate ekonomiko arruntak jasotzea izan bazen ere, kontabilitatea bazkide, bezero, ogasun, mailegatzaile eta oro har gizartearen aurrean enpresaren egoera, emaitza eta kudeaketa azaltzeko funtsezko informazio-iturri bilakatu da gaur egun. Azaltzen dituen datuei esker, enpresako kudeaketa bera hobetzeko tresna garrantzitsua ere bada.

Kontabilitatea maila ezberdineko erakunde ekonomikoetan garatzen da. Familia eta enpresetan, aurrekontuak, erosketak, salmentak, ordainketak eta bestelako eragiketak jasotzen dira, baliabideen kontrola zorrotz, zehatz eta eguneratua izateko. Helburutzat irabaziak maximizatzea izaten ez duten erakundeetan ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeak kasu, behar beharrezkoa da kontabilitatea eskuratutako baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko. Nazio eta nazioarteko mailako kontabilitatea ere egiten da, oinarrizko erakundeek emandako datuetatik agregatu ekonomikoak osatuz. Agregatu ekonomiko hauen kontabilitatea funtsezkoa da politika ekonomikoak modu egokian erabakitzeko.

Beste alde batetik, kontabilitatea arau jakinak eta zehatzak jarraitu behar dituen jarduera da. Erakunde ekonomikoek azaltzen duten informazioa ulergarria eta fidagarria izan dadin, kontabilitatea arautzen duten lege eta bestelako xedapenak daude. Arau hauek nazio batetik bestera aldatzen badira ere, nazioartean normalizazio prozesu bati ekiten zaio, egungo harreman ekonomiko globalak era egokian azaltzeko. Kontabilitatea aurrera nola eraman behar den zehazten duen oinarrizko arautegi bat Kontabilitate Plan Orokorra da.

Kontabilitatea prozesu moduan azal daiteke. Egitate ekonomikoak jaso eta erregistratu egiten dituen kontabilitatearen oinarrizko arloa liburu eramailetza da: kontabilitate-liburuetan enpresak bere barnean edo kanpoko eragileekiko izan dituen harreman eta trukaketak idatzirik geratzen dira, enpresak izandako eragiketa guztien berri izan dezan. Egitate ekonomikoak eta horiei dagozkien idazpenak egiaztatzeko, enpresak fakturak, ordainagiri eta bestelako dokumentuak jaso eta gorde behar ditu. Informazioa bildu eta irudikatzeko, kontabilitateak tresna kontzeptualak (kontabilitate-kontuak, balantzea) eta materialak ditu (tresna informatikoak, kontabilitate-liburuak) ditu. Kontabilitateak jasotako datuak kontabilitate-egoerak edo urteko kontuak izeneko laburpenetan biltzen dira. Kontabilitatea ez da, ordea, datuak erregistratzera mugatzen eta datu eta laburpen horiek aztertu egin behar ditu, zuzendaritzari erabakiak hartzen lagundu, zergen ordainketarako ogasunari emaitzen berri eman eta bazkide, mailegatzaile eta bestelako hartzekodunei enpresaren egoera jakinarazteko. Kasu guztietan, kontabilitateak azaltzen duen informazioa osoa, ulergarria eta fidagarria izan behar da. Azkenik, enpresan bere kontabilitate-kontuen egiaztapena burutu behar da, azaldutako informazioa fidagarria dela ziurtatzeko, barne eta kanpoko kontu-ikuskaritza baten bitartez.

Historian zehar, ekonomia sortu zen une berean sortu ziren kontabilitaterako lehenengo tresnak ere. Hala ere, XV. mendean bizi izan zen Luca Pacioliri zor zaio egun gehien erabiltzen kontabilitate-metodoa: kontu-sail bikoitza. Kontzeptu sistema horren barnean, kontabilitate-tresnen garapen eta estandarizazioa nabarmena izan da azken hamarkadetan, informatikaren bultzadarekin batera. Horrela, kontabilitatea ekonomiaren egonkortasun eta garapenerako funtsezko informazio-sistema bilakatu da, eragile ekonomikoen informaziorako eredu homogeneo bat eskainiz.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne