Antibiotikoa (grezierazko etimologia[1] kontuan hartuta ἀντι anti –«kontrakoa» edo «kontrako propietateak dituena»–[2], eta latin berantiarraren biotcus –«bizitza arruntekoa»–, eta hori, berriz, grezierazko βιωτικός biotikós –«izaki bizidunena»– edo –«bizitzarena»–[3])) izaki bizidun edo deribatu sintetiko batek sortutako konposatu kimiko bat da. Horiek mikroorganismo patogenoak hil, edota haien hazkuntza inhibitzen dute. Gehienetan, bakterioek sortutako infekzioak tratatzeko erabiltzen dira, eta hortik dator bakterio-kontrako izenez ere ezagutzea.
Batetik, gai kimiko naturalak diren onddo harizpitsuak eta bakterio espezie zenbaitek sortutako antibiotiko naturalak ditugu. Bestetik, molekula naturalak kopiatuz, bai eta antibiotiko natural horiei hainbat aldaketa kimiko eginez eta haien bakterio-kontrako propietateak hobetuz sintetizatzen direnak.
Gaixotasun infekziosoak[4] tratatzeko erabiltzen dira. Antibiotiko asko ezagutzen dira, baina, medikuntzarentzat, % 1 inguruk baino ez du balio.
Antibiotikoak giza eta animalia medikuntzan eta baratzezaintzan erabiltzen dira patogenoek eragindako infekzioak tratatzeko. Normalean, antibiotikoek toxikotasun selektiboa izaten dute. Toxikotasun hori, askoz handiagoa da organismo inbaditzaileentzat animalientzat edo ostatatzen dituzten gizakientzat baino[5]. Hala ere, noizbehinka, sendagaien kontrako erreakzio bat gerta daiteke, hala nola organismoaren mikrobiota normalari eragitea. Antibiotikoek, oro har, pertsona baten defentsei laguntzen diete norberarenak infekzioa kontrolatzeko gai izan arte[6]. Antibiotiko bat bakteriostatikoa da baldin eta patogenoak haztea eragozten badu, eta bakterizida, berriz, suntsitzen baditu[7]. Bi ondorioak ere eragin ditzake, zein den kasua[8].
Hertsiki edo historikoki, antibiotikoa mikroorganismo batek jariatutako substantzia bat da, beste mikroorganismo batzuei eragiteko gaitasuna duena. Antibiotiko terminoa Selman Waksmanek erabili zuen lehen aldiz, 1942an, zenbait «eragin antibiotiko» deskribatzeko, hau da, beste organismo bizietatik eratorritako mikroorganismoen hazkundearen aurkako formulazioak[9]. Definizio horrek, beraz, kanpoan uzten ditu mikroorganismo bat hil dezaketen eta beste mikroorganismo batzuek sortzen ez dituzten substantzia naturalak, hala nola urin gastrikoa eta hidrogeno peroxidoa. Gaur egun, antibiotikoaren definizioa erabiltzen ari dira mikrobioen aurkako sintetikoak edo mikrobioen aurkako kimioterapeutikoak sartzeko, hala nola kinolonak, sulfamidak eta produktu naturaletatik eratorritako beste mikrobioen aurkako agenteak eta enpirikoki aurkitutako propietate antibiotikoak dituztenak[9].
Antibiotiko bidezko tratamenduaren helburua mikroorganismo patogenoa desagerraraztea da. Horretarako, posologia bati jarraitu behar zaio, infekzioaren fokuan, behar besteko denboran, mikroorganismoa inhibitzeko gai den kontzentrazio minimoa[10] baino kontzentrazio handiagoa lortuko duena. Antibiotiko bidezko automedikazioa osasun publikoak duen arazo larria da, izan ere, antibiotikoa desegoki hautatzeak eta, bereziki, posologia desegoki batek antibiotiko horrekiko erresistenteak diren bakterio-populazioak sor baititzake. Bestalde, antibiotikoak eta mikrobio-aurkakoak ez dira batere eraginkorrak birus-gaixotasunetan; beraz, horrelakoetan ez da erabili behar[11].
encarta
izeneko erreferentziarako
cdc
izeneko erreferentziarako