Arabiera

Arabiera
اللُّغَة العَرَبِيّة
Datu orokorrak
Lurralde eremuaAljeria, Bahrain, Egipto, Gazako zerrenda, Irak, Jordania, Kuwait, Libano, Libia, Mauritania, Maroko, Oman, Qatar, Saudi Arabia, Sudan, Siria, Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak, Yemen estatuetan gehiengoak, beste hainbat estatutan gutxiengo hizkuntza
Hiztunak206 milioi (Ethnologue, dialekto guztietako jatorrizko hizkuntza); 286 milioi (Arabiar estatuetako biztanleak, CIA World Factbook, 2004), beste lurraldeetako gutxiengo arabiarra eta elebidunak izan ezik
Rankinga2 (Microsoft Encarta)
OfizialtasunaAljeria, Bahrain, Komoreak, Txad, Djibuti, Egipto, Eritrea, Irak, Israel, Jordania, Komoreak, Kuwait, Libano, Libia, Mauritania, Maroko,Mendebaldeko Sahara, Oman, Palestina, Qatar, Saudi Arabia, Siria, Somalia, Sudan, Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak, Yemen
UNESCO sailkapena1: ziurra
AraugileaEgipton: Arabiar hizkuntzako Akademia
Hizkuntza sailkapena
Afro-asiarra

 Semitikoa
  Hego-Erdikoa

    Arabikoa
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua, aditza-subjektua-objektua, nominatibo-akusatibo hizkuntza, hizkuntza azentuala, hizkuntza fusionatzailea, noun-adjective (en) Itzuli, hizkuntza sintetikoa eta pro-drop language (en) Itzuli
Denbora gramatikalakorainaldia, lehenaldia eta geroaldia
Genero gramatikalakgenero maskulinoa eta genero femeninoa
Kasu gramatikalaknominatiboa, akusatiboa eta genitiboa
AlfabetoaArabic script (en) Itzuli
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1ar
ISO 639-2ara
ISO 639-3ara
Ethnologueara
Glottologarab1395
Wikipediaar
Linguasphere12-AAC
ASCL4202
IETFar

Arabiera (arabieraz: العَرَبِيَّة edo عَرَبِيّ‎al-ʻarabiyyah, ʻarabī) hizkuntza semita bat da, Arabiako ipar-mendebaldean Burdin Aroan sortu zena eta egun arabiar munduan lingua franca gisa erabiltzen dena.[1] Arabiar herriaren izena darama, hasiera batean Mesopotamiatik Antilibanora eta Sinai penintsulan bizi zen herria. Arabiera «makrohizkuntza» gisa sailkatzen da: 30 aldaeratik gora ditu, baita aldaera estandar bat, arabiera estandar modernoa,[2] arabiera klasikotik eratorria.

Arabiera estandar modernoa hizkuntza idatziari dagokio, eta eskoletan, unibertsitateetan eta lantoki askotan horixe irakasten da; halaber, gobernuek eta hedabideek darabilte. Bi aldaera formalak elkarrekin taldekatzen dira arabiera literario (fuṣḥā) izenarekin, 26 estatutako hizkuntza ofiziala dena, Islamaren hizkuntza liturgikoa. Arabiera estandar modernoaren gramatika arabiera klasikoaren jarraipena da, eta haren lexikoa ia bera da. Hala ere, eguneroko hizkuntzan erabiltzen ez diren egitura gramatikal batzuk eta esanahi zehatzik ez duten hitzak alboratu ditu, eta ahozko mintzairaren aldaeretako joskera molde eta hitz batzuk ere hartu ditu. Hitz horietako gehienak Aro Modernotik aurrera sortu diren kontzeptuak izendatzeko erabiltzen dira.

Arabiera klasikoaren antzekoa denez, arabiera estandar modernoak milurteko bat egiten du atzera egunero hitz egiten den hizkuntzatik, dialekto eta aldaera asko baititu. Ikertzaileek diotenez, dialekto batzuetako hiztunek ez dute elkar ulertzen. Eguneroko hizkuntza kalean eta familian ikasten da, baina hizkuntza formala, eskolan. Hala ere, haur eskolako umeekin egindako ikerketek erakutsi dute hizkera formala ulertzeko gaitasuna dutela.[3] Arabiera estandar modernoaren eta dialektoen arteko aldea latinaren eta hizkuntza erromantzeen artean dagoenaren antzekoa dela esan ohi da.[4] Nolanahi ere, arabiera estandar modernoa kultura audiobisualean erabiltzen da, latina ez bezala.

Erdi Aroan, arabiera literarioa kulturaren bektore garrantzitsu bat izan zen Europan, bereziki zientzian, matematikan eta filosofian.[5] Horren ondorioz, Europako hizkuntza askok maileguak hartu zizkioten arabierari. Haren eragina argia da hizkuntza batzuen lexikoan, bereziki gaztelaniaz, pixka bat ahulagoa portugesez eta katalanez. Euskaraz ere ugari dira arabieratik hartutako maileguak (alkate, albiste, albaitari, gutun...).[6] Eragin hori gertatu ahal izan zen batez ere al-Andalusen arabiar kulturak eman zituen ia zortzi mendeen ondorioz. Sizilierak arabieratiko 500 bat hitz ditu, Ipar Afrikatik IX. eta X. mendeetan egindako konkisten ondorioz. Eslaviar hizkuntzek, baita grezierak eta bulgarierak ere, arabieratik hartutako hitz asko dituzte, Otomandar Inperioaren mende iragandako denboraren poderioz.

Historian zehar, arabierak eragin nabarmena izan du hizkuntza askotan; horien artean dira persiera, turkiera, gaztelania, frantsesa,[7] urdua, kaxmirera, kurdua, bosniera, kazakhera, bengalera, hindia, malaysiera, maldivera, indonesiera, paxtuna, punjabera, tagaloa, sindhi eta hausa.

Era berean, arabierak hitz asko mailegatu ditu beste hizkuntza batzuetatik, bereziki grezieratik eta persieratik Erdi Aroan, eta ingelesetik eta frantsesetik aro modernoan.

Arabiera klasikoa 1.600 milioi musulmanen hizkuntza liturgikoa da,[8] eta arabiera estandar modernoa Nazio Batuen Erakundearen sei hizkuntza ofizialetako bat da.[9] Haren aldera guztiak batuta,440 milioi hiztun inguru ditu, lehen eta bigarren hizkuntza gisa: munduko bosgarren hizkuntzarik mintzatuena da.[10] Arabiar alfabetoaz idazten da, eskuinetik ezkerrera, eta ASCII Latin bihur daiteke, arau estandar batzuen arabera.[11][12]

  1. (Ingelesez) Al-Jallad, Ahmad. (2018). Reem Bassiouney; Elabbas Benmamoun eds. «The earliest stages of Arabic and its linguistic classification» The Routledge handbook of Arabic linguistics (London: Routledge): 315-331. or.  doi:https://doi.org/10.4324/9781315147062. ISBN 978-1351377799. OCLC .1019573997 (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  2. «ara | ISO 639-3» iso639-3.sil.org (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  3. (Ingelesez) Albirini, Abdulkafi. (2016). Modern Arabic sociolinguistics: diglossia, variation, codeswitching, attitudes and identity. London: Routledge ISBN 978-0415707466. OCLC .904011986.
  4. (Ingelesez) Kamusella, Tomasz; Kamusella, Tom. (2017-12-29). «The Arabic Language: A Latin of Modernity?» Journal of Nationalism, Memory & Language Politics 11 (2): 117–145.  doi:10.1515/jnmlp-2017-0006. ISSN 2570-5857. (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  5. (Frantsesez) Benrabah, Mohamed. (2009). «L’arabe au Moyen Âge, langue de la pensée et de la science profanes» Travaux de Sciences Sociales 214: 95-121. or. ISSN 1424-6201. (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
  6. EiTB. (2013-11-27). «Bideoa: Euskarak arabieratik hitz mordoa jaso du» Tribuaren Berbak (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  7. (Frantsesez) Garni, Mjid El. (2021-12-15). «Genre et nombre des emprunts nominaux de l’arabe marocain au français : étude phonétique et morphologique» Pratiques. Linguistique, littérature, didactique (191-192)  doi:10.4000/pratiques.10897. ISSN 2425-2042. (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
  8. (Frantsesez) «Journée mondiale de la langue arabe : sept particularités qui pourraient vous surprendre» Middle East Eye (web.archive.org) 2023-12-17 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  9. (Ingelesez) «What are the official languages of the United Nations?» Ask DAG! (web.archive.org) 2016-02-05 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  10. (Frantsesez) «Les langues les plus parlées en 2024 : L'arabe en 5e position, devancé par l'Espagnol» Maroc Diplomatique (web.archive.org) 2024-09-16 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  11. (Frantsesez) «Comment écrire l’arabe en caractères latins ?» Institut du monde arabe (web.archive.org) 2021-10-28 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  12. (Frantsesez) «Les principes de la translittération, la translittération de l'arabe et la nouvelle norme de l'ISO» Bulletin des bibliothèques de France (web.archive.org) 2024-01-24 (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne