Eleberria edo nobela (italierazko novellatik) prosan egindako narrazio luzea da, orokorrean fikziozko gertaerak kontatzen dituena eta irakurleei plazer estetikoa eragiteko helburua duena gertaera edo lantze interesgarriak deskribatuz eta margotuz, bai eta pertsonaiak, grinak eta ohiturak ere, askotan norberaren gogoetaren edo introspekzioaren sargai baitira. Eleberria bere izaera irekiagatik eta kontaketa konplexu batean hainbat elementu eusteko duen gaitasunagatik bereizten da. Izaera ireki horrek askatasun handia ematen dio egileari pertsonaiak integratzeko, istorio gurutzatuak edo elkarren mendekoak sartzeko, gertaerak gertatu ez ziren hurrenkeran kontatzeko edo, kontakizunean, hainbat motatako testuak sartzeko: gutunak, administrazio-dokumentuak, elezaharrak, olerkiak, etab. Horrek guztiak konplexutasun handiagoa ematen dio nobelari beste azpigenero narratiboek aurkezten dutena baino.Dena den, zaila da mota guztietako generoak eta formak batzen dituen definizioa eratzea.
XVIII. mendera arte, nobela amodiozko eta intrigazko narrazio motza izaten zen, erromantze epiko luzeari kontrajarria, baina, mende horretan, erromantzearen ezaugarriak hartuz joan zen literaturako genero nagusia bihurtu arte.