Argindarra, elektrika edo elektrizitatea (latinezko ēlectricus hitzetik, "anbarraren antzekoa") karga elektrikoaren fluxuak sortzen dituen fenomeno fisikoen multzoari deritzo. Multzo horretan, oso ezagunak diren fenomenoak daude, adibidez, argia edo elektrizitate estatikoa, baina baita ezezagunagoak diren beste batzuk ere, esaterako, eremu elektromagnetikoak edo indukzio elektromagnetikoa. Magnetismoarekin batera, elektrizitateak elektromagnetismoa osatzen du.
Kaleko erabileran, argindar edo elektrizitate hitza egokia da naturan gertatzen diren hainbat efektu fisikori deitzeko. Erabilera zientifikoan, ordea, terminoa lausoagoa da, eta elkarri lotuta dauden baina ezberdinak diren zenbait kontzeptu izendatzeko termino zehatzagoak erabiltzen dira:
Fenomeno elektrikoak antzinarotik aztertu izan dira, nahiz eta arlo honetako aurrerapen zientifikoak ez ziren egin XVII. eta XVIII. mendera arte. Hala ere, elektrizitatearen aplikazio praktikoak gutxi izan ziren, eta,XIX. mendearen bukaera arte, ez zen erabilera industrialetan eta etxebizitzetan erabiltzen hasi. Teknologia elektrikoaren hedapen azkarrak industria eta gizartea eraldatu zituen. Elektrizitateak energia iturri gisa dituen erabilera anitzei esker, ia mugagabeak diren aplikazioak ditu garraioan, berotzean, argiztatzean, garraiobideetan, konputazioan, etab.