Historia

Iragana oroitu ezin duten horiek errepikatzera kondenatuta daude.

George Santayana[1]
Klio, historiaren musa grekoa, Pierre Mignard margolariarena

Historia (antzinako grezieratik, «Ikerkuntza; ikerketak lortutako ezagutza» esan nahi du[2]) iraganaren azterketa eta dokumentazioa da[3][4]. Idazketa-sistemak asmatu aurreko gertaerak historiaurrekotzat hartzen dira. "Historia" terminoak iraganeko gertaerak nahiz gertaera horien memoria, aurkikuntza, bilketa, antolaketa, aurkezpena eta interpretazioa biltzen ditu. Historialariek iragana ezagutzea bilatzen dute iturri historikoak erabiliz, hala nola dokumentu idatziak, ahozko kontakizunak, artea eta tresna materialak, eta markatzaile ekologikoak[5]. Historia osatu gabe dago, eta, oraindik ere, eztabaidagarriak diren misterioak ditu.

Historia diziplina akademiko bat ere bada, eta narratiba erabiltzen du iraganeko gertaerak deskribatzeko, aztertzeko, zalantzan jartzeko eta analizatzeko, eta horien kausa- eta efektu-ereduak ikertzeko[6][7]. Historiaren filosofiak dio historiatik ikasi daitekeela[8]. Historialariek gertakari bat hobekien azaltzen duen kontakizunari buruz eztabaidatu ohi dute, bai eta kausen eta efektuen garrantziari buruz ere. Historialariek, halaber, historiaren izaera bera helburu gisa eztabaidatzen dute, bai eta orainaldiko arazoei ikuspegia emateko duen erabilgarritasuna ere[9][10].

Kultura jakin baten istorio komunak, baina kanpoko iturrietan oinarritzen ez direnak (Aitorren inguruko mitologia, adibidez), kultura-ondare edo kondaira gisa sailkatu ohi dira[10]. Historia mitotik bereizten da, ebidentzian oinarritzen baita[10]. Hala ere, antzinako eragin kulturalek historiaren izaeraren interpretazio desberdinak sortzen lagundu dute, mendeetan zehar eboluzionatu dutenak eta gaur egun ere aldatzen jarraitzen dutenak. Historiaren azterketa modernoa oso zabala da, eta eskualde espezifikoen azterketa eta gaikako edo ikerketa historikoko zenbait elementuren azterketa barne hartzen ditu. Historia lehen eta bigarren hezkuntzan irakasten da askotan, eta historiaren ikasketa akademikoa diziplina garrantzitsua da unibertsitateko ikasketetan.

Herodoto, K. a. V. mendeko greziar historialaria, mendebaldeko tradizioan "historiaren aitatzat" hartzen da[11], baina "gezurraren aitatzat" ere hartu izan da[12][13]. Tuzidides garaikidearekin batera, iraganeko gertaera eta gizarteen azterketa modernoaren oinarriak finkatzen lagundu zuen. Bere lanak gaur egun ere irakurtzen dira, eta kulturan zentratutako Herodotoaren eta arlo militarrean zentratutako Tuzididesen arteko arrakalak idazkera historiko modernoan euste- edo ikuspegi-puntua izaten jarraitzen du. Ekialdeko Asian, Udaberriko eta Udazkeneko Urtekaria izeneko estatu kronika K. a. 722an idatzi zela pentsatzen da, nahiz eta K. a. II. mendeko kopia bat baino ez den gaurdaino iritsi.

  1. Santayana, George. ([2011-2016]). The life of reason, or, The phases of human progress. (Critical ed. argitaraldia) ISBN 978-0-262-01674-2. PMC 706466997. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  2. The handbook of historical linguistics. Blackwell Pub 2005 ISBN 978-0-470-75633-1. PMC 244174827. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  3. (Ingelesez) «What Is History, Anyway? A Handful of Historians Explain» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  4. «What is History & Why Study It?» web.archive.org 2014-02-01 (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  5. Arnold, John. (2000). History : a very short introduction. ISBN 978-0-19-154018-9. PMC 53971494. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  6. «What is history? article (2): the Present 'Crisis of History'» archives.history.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  7. «History in Focus: the nature of history (article)» archives.history.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  8. Little, Daniel. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Philosophy of History» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  9. Tosh, John. (2006). The pursuit of history : aims, methods, and new directions in the study of modern history. (4th ed. argitaraldia) Longman ISBN 1-4058-2351-8. PMC 61513137. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  10. a b c Knowing, teaching, and learning history : national and international perspectives. 2000 ISBN 0-8147-8141-1. PMC 43790456. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  11. «Internet History Sourcebooks» sourcebooks.fordham.edu (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  12. Vives, Juan Luis; Watson, Foster. (1913). Vives, on education : a translation of the De tradendis disciplinis of Juan Luis Vives. Cambridge : The University Press (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  13. (Latinez) Juan Luis Vives. (1551). Ioannis Ludouici Viuis Valentini, De disciplinis libri 20. in tres tomos distincti, quorum ordinem versa pagella iudicabit. Cum indice copiosissimo. apud Ioannem Frellonium (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne