Sir Ahmed Salman Rushdie (Mumbai, India, 1947ko ekainaren 19a) indiar jatorriko britainiar-amerikar eleberrigilea da.[1] Bere lanak maiz errealismo magikoa eta fikzio historikoa uztartzen ditu eta, batez ere, Ekialdeko eta Mendebaldeko zibilizazioen arteko loturak, etenaldiak eta migrazioak jorratzen ditu, Indiako azpikontinentean kokatuta.
Mumbain tradizio musulmaneko familia batean hazia, ikasketetara Londresera joatea erabaki zuen nerabezaroan. Rushdieren bigarren eleberriak, “Gauerdiko haurrak” (Midnight's Children) (1981), Booker saria irabazi zuen 1981ean, eta bi alditan "irabazle guztien eleberri onena" bezala aipatua izan zen, sariaren 25.a izanik 40. urteurrena zela eta. Bere laugarren eleberria Bertso Satanikoak (The Satanic Verses) (1988), eztabaidagai izan zen musulmanen protestak eraginez, eta heriotza mehatxuak egin zizkioten. Besteak beste, Ruhollah Khomeini Irango buruzagi gorenak 1989an hiltzeko eskatu zuen fatwa zela eta. Britainia Handiko Gobernuak Rushdie poliziaren babespean jarri zuen.
1983an, Rushdie Royal Society of Literature-ko kide hautatu zuten. Frantziako Commandeur de l'Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuten 1999an.[2] Rushdie 2007an zaldun izendatu zuten, literaturari egindako zerbitzuengatik.[3] 2008an, The Times egunkariak hamahirugarren postuan jarri zuen 1945az geroztik 50 idazle britainiar handienen zerrendan.[4] 2000. urtetik, Rushdie Estatu Batuetan bizi da. New Yorkeko Unibertsitateko Arthur L. Carter Journalism Institute-n "Egoitzako idazle ospetsua" (Distinguished Writer in Residence) izendatu zuten 2015ean. Aurretik, Emory Unibertsitatean irakasten zuen, eta Amerikako Arte eta Letren Akademiarako aukeratu zuten.[5] 2012an "Joseph Anton: Memoria bat" argitaratu zuen, “Bertso Satanikoak”-en inguruko eztabaidaren harira bere bizitzaren kontakizuna zena.
2022ko abuztuaren 12an, gizon batek labankada batzuk eman zizkion Rushdieri, eleberrigileak Chautauqua-ko, New York, ekitaldi batean, hitzaldi bat emateko agertokira igo ondoren.[6][7]