Salvador Guillermo Allende Gossens (Valparaiso, 1908ko ekainaren 26a – Santiago, 1973ko irailaren 11) Txileko presidentea izan zen 1970eko urriaren 24tik 1973ra arte. Munduan, demokratikoki aukeratutako lehen presidente marxista izan zen. Familia euskal jatorrikoa zuen.[1][2]
Medikuntzan graduatu zen 1933an, Santiagon. 1938an, Osasun Ministro izendatu zuten Pedro Aguirre Cerdaren gobernuan.
Senataria izan zen 1945etik 1969ra arte. 1970eko azaroaren 3an, presidente izendatu zuten, Unidad Popular (UP) alderdiarekin —alderdi sozialista, komunistak eta zentrokoak biltzen zituen koalizioarekin[3]— hauteskunde demokratikoak irabazi ondoren.
Ideologikoki marxista zen, baina Txileko sozialismorako bidea aldarrikatzen zuen: sozialismoaren ezarpena Txilen, baina, beti ere, bide demokratikoekin[3]. Haren agintaritzan, hainbat fabrika handi nazionalizatu edo langileei eman zizkien: ekoizpena izugarri handitu zen; osasunak hobera jo zuen, eta langileen lan egoera sakonki hobetu zen.
Nazioartean, harremanak izan zituen SESBekin, baina, haren politikarekin, kritikoa izanik. Bestetik, Kubarekin harreman politiko estuak izan zituen, Fidel Castroren erregimenarekin hain zuzen ere.
1973ko irailaren 11n, Augusto Pinochet jeneralak estatu-kolpea eman zuenean, La Moneda presidente-jauregia setiatu zuen: horren ondorioz, Allendek bere buruaz beste egin zuen egun hartan, ez baitzegoen prest estatu kolpearen aurrean damutzera.[4] Pinochetek Nixon (Estatu Batuetako presidentea) administrazioaren eta CIAren laguntza zuzena jaso zuen herriaren nahia zapaltzeko[5].
Isabel Allende idazlea haren loba da.