San Joan Laterangoaren basilika[1] (italieraz: San Giovanni in Laterano; latinez: Sancti Ioannis in Laterano) Erromako katedrala da eta Aita Santuaren egoitza eklesiastiko nagusia, bertan baitako Aulki Santua. Lau basilika nagusien lehena da, San Petri Vatikanokoaren gainetik, eta Mendebaldeko basilika zaharrena[2].
Basilika honen izen osoa honakoa da: Salbatore Txit Santuaren eta San Joan Bataiatzaile eta Ebanjelisten Laterangoaren artxibasilika, hiriko eta munduko eliza guztien ama eta buru (italieraz: Arcibasilica del Santissimo Salvatore e dei Santi Giovanni Battista ed Evangelista in Laterano madre e capo di tutte le chiese della città e del mondo; latinez: Archibasilica Sanctissimi Salvatoris et Sancti Iohannes Baptista et Evangelista in Laterano omnium urbis et orbis ecclesiarum mater et caput).
Basilika bera Vatikano Hiriaren mugetatik at dago, Erromako Lateran auzoan, Monti rionean. Hala ere, lurraldez kanpoko statusa du, Vatikanoaren jabegoa baita. Auzi hau Erromako beste eraikin batzuekin ere gertatzen da, Laterango Itunak hizpatu bezala. Egungo artzapeza Agostino Vallini da, Erromako elizbarrutiko kardinal bikario orokorra[3]. Frantziako presidentea, egun Nicolas Sarkozy, basilikako "ohorezko kanon bakar eta lehena" da, Frantziako erregeengandik jasotako titulua Henrike IV.a Frantziakoaren garaitik.