San Laurendi[1] (ingelesez: Saint Lawrence River; frantsesez: Fleuve Saint-Laurent, gaur egungo mohawkeraz: Kaniatarowanenneh)[2] Ipar Amerika ekialdeko ibaia da, Ozeano Atlantiko aldera isuria dutenen artean garrantzitsuena. Tarte osoari 'ibai' deitu arren, zati batean besterik ez da ibaia, bestela itsasadarra baita.
Mendebaldetik ekialdeko norabidean, Aintzira Handiak eta Ozeano Atlantikoa lotzen ditu. Estatu Batuak eta Kanadaren arteko muga da eta Quebec bitan zatitzen du. 1.197 kilometro luze da (3.058 km Aintzira Handiak kontuan hartuz) eta 1.344.200 km²ko arroa drainatzen du. Garrantzi handia izan du beti arrantza eta merkataritzaren aldetik, lurralde eta ur desberdinen topaleku gisa duen kokapen bereziagatik.